Ekonomia -

Garraiolarien greba

Produkturik ez pilatzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzak herritarrei, hornidura ziurtatuta baitago

Banatzaileek produkturik ez dela faltako esan dute, eta horiek pilatzeak salneurriak igotzea eta eskasia ekarriko lituzkeela ohartarazi dute.

Supermerkatu bat, Madrilen. Argazkia: EFE
Supermerkatu bat, Madrilen.
Supermerkatu bat, Madrilen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "produkturik ez pilatzeko" eskatu die kontsumitzaileei, eskasia eta garestitzea ekiditeko, merkantzien hornidura ziurtatuta baitago, garraioaren sektorea greban dagoen arren.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Zupiriak esan du Exekutiboak "nahiko informazio zehatza" duela, Euskadiko Elikaduraren Clusterrak eta EAEko enpresa banatzaileek emanda. Horien arabera, hornidura ziurtatuta dago, baina "egia da produktu jakin batzuk falta daitezkeela".

Horregatik, herritarrei "produkturik ez pilatzeko" eskatu die. "Pilatze horren emaitza estanterietan produktu batzuk falta izatea da, baina, batez ere, beste produktu batzuk garestitzea", gehitu du.

Zupiriak esan duenez, "garestitze hori eta eskasia hori" ekiditeko modurik onena herritarrek "neurriz eta zuhurtziaz jokatzea" da.

Bozeramaileak gehitu du enpresa banatzaileek Jaurlaritzari eskaera hori egiteko galdegin diotela, haiek ere "prezioen igoeraren biktima direlako".

Bestalde, Eroski eta BM saltokietako arduradunak keztatua daude garraiolarien grebak eragin duen egoeragatik, baina azpimarratu dute ez dutela hornidura faltarik aurreikusten eta, beraz, lasaitasunerako deia egin dute.

"Ikusi dugu jendeak erosketak handitu dituela, baina elikagaiak pilatzeko beharrik ez dago momentu honetan", ziurtatu du Kristian Prieto Eroskiko Komunikazio arduradunak.

Halaber, bezeroak gehiago erosten ari diren arren, egoera honek saltokiei mesede egiten diela ukatu du: "Ziurgabetasun egoera hau ez da ona inorentzat", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eroskiri buruzko albisteak Eusko Jaurlaritza Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elikagaiak gaur albisteak Merkataritza Supermerkatuak Gatazkak garraio sektorean