Ekonomia -
2012ko Aurrekontuak
Aurrekontuak "zorrotzak baina errealistak" direla esan du Montorok
Gaur eta bihar eztabaidatuko dituzte, Kongresuan, taldeek aurkeztutako osoko zuzenketak. Ez dute aurrera egingo, ordea, PPk gehiengo absolutua baitu.
Erredakzioa
Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoko ministroak Gobernuak defizitari aurre egiteko eta konfiantza berreskuratzeko 2012rako aurrekontu "zorrotzak, zailak eta errealistak" defendatu ditu.
Montorok Kongresuan, Aurrekontu Orokorren eztabaidan, azaldu duenez, "aurrekontuak ez dira batere atseginak" eta demokrazia garaiko "zorrotzenak" dira, baina, aldi berean, herriak bizi duen krisiari aurre egiteko "errealistenak" dira.
Ogasun ministroak erantzukizuna eta babesa eskatu die alderdiei, eta defizitari aurre egiteko hori dela bide bakarra ziurtatu du.
10 taldek aurkeztu dituzte osoko zuzenketak Kongresuan: PSOEk, CiUk, Ezker Pluralak (IU-ICV/EuiA-CHA), EAJk, UPyDk, eta, Talde Mistoaren barruan, Amaiurrek, CoalicionCanariak, ERCk, BNGk eta Compromisek (UPNk, Forok eta Geroa Baik ez dute aurkeztu). Aurrekontuak itzultzea eskatu dute, atzeraldia areagotu eta enplegua suntsituko direla iritzita. Nazionalistek, gainera, autogobernuari kalte egiten diotela adierazi dute.
Soraya Rodriguez PSOEko bozeramaileak kongresuan adierazi duenez, 2012rako aurrekontuak "ez dira erangikorrak eta hazkunde ekonomikoa itotzen" dute. Halaber, Cristobal Montoro Ogasun ministroaren azalpenak kritikatu ditu.
Josu Erkorekaren (EAJ) hitzetan, 2012ko aurrekontuak "zikoitzak" dira, eta Gobernuak ekonomiaren eta enpleguaren hazkundea nola bideratuko duen azaldu ez izana deitoratu du.
Rafael Larreina Amaiurreko ekonomia bozeramailearen hitzetan, Gobernuaren kontuen aurka daude krisia eta langabezia areagotzen dutelako, ongizatezko Estatua desegiten dutelako eta Estatuaren eskumenak berriro zentralizatzea bilatzen dutelako; izan ere, ez dute Euskadiren errealitatea kontuan hartzen, eta bake prozesuari eta gatazkaren irtenbideari ez diote ezer berririk ekartzen.
Uxue Barkos Geroa-Baiko diputatuaren esanetan, 2012ko aurrekontuak ez dira "demokraziako zorrotzenak", Ogasun ministroak esan bezala, gizartearen oinarrizko beharrentzat "zikoitzenak" baino.
Gobernuak egindako aurrekontuen defentsa "mitin politiko" bat iruditu zaiola eta gustukoak ez dituela esan du Josep Antoni Duran i Lleidak (CiU); izan ere, "zorroztasuna" erkidegoetara eta udaletara bideratzen dute et a ez dute "ilusioa, itxaropena eta konfiantza" ematen.
Rosa Diez UPyDko bozeramailearen hitzetan, aurrekontuak "txarrak" dira, baina Montorok Kongresuan egindako aurrekontuen defentsa "okerragoa" izan da.
27.300 milioiko murrizketa
Gastuei dagokienez, ministerioetan % 16,9ko "murrizketa gogorra" iragarri du. Diru-sarrerei dagokienez, berriz, enpresa handientzako sozietateen errenten gaineko zergarenerregularizazio fiskalaren inguruko programa baten berri eman du; zerga hori igo egingo dute.