Ekonomia -

Garraiolarien greba

Sanchezen gaineko presioa areagotzen ari da, krisi energetikoari aurre egiteko neurriak berehala har ditzan

Garraiolariez gain, hainbat eragile politiko, ekonomiko eta sozialek adierazi dute erregaien eta argindarraren prezioaren gorakadak eragindako krisiari aurre egiteko neurriak berehala hartu behar direla, martxoaren 29ra arte itxaroten egon gabe.

Pedro Sanchez. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Sanchez. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Sanchez. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchezek enegarrenez esan du gaur krisi energetikoari aurre egiteko neurriak martxoaren 29tik aurrera ezarriko dituela Espainiako Gobernuak. Krisia duela hainbat hilabete hasi zen, baina Ukrainako gerraren ondorioz egoerak okerrera egin du azken asteetan.

Sanchezen bere jarrerari eusten dio, baina gero eta gehiago dira martxoaren 29ra arte zain egotea zentzuzkoa ez dela eta premiazko neurriak berehala hartu behar direla pentsatzen duten eragile politiko, ekonomiko eta sozialak, egoera jasanezina dela ohartarazita.

Garraiolarien greba duela hamar egun hasi zen eta oraingoz ez dago inolako zantzurik protesta epe laburrean amaituko dela pentsatzeko. Gasolioaren prezioaren gorakada eteteko eta kamioilarien lan-baldintzak hobetzeko neurriak eskatzen dituzte. Ildo horretan, nabarmendu dute arazo ez dela soilik erregaiaren prezioa eta egiturazko soluzioak behar dituztela.

Garraiolarien graberen ondorioz eta argindarraren prezioaren garestitzearen eraginez, hainbat enpresak, tartean ArcelorMittalek eta CAFek, ekoizpena eten behar izan dute, hornidura gabe geratu direlako edo argiaren faktura ordaintzerik ez dutelako.

Arrantzaleak gutxienez datorren astelehenera arte egongo dira itsasora joan gabe, arraina portutik saltokietara eramateko garraiorik ez dagoelako. Nafarroako abeltzainek, berriz, ohartarazi dute epe laburrean ezingo dituztela ekoizpen-gastuak ordaindu.

Krisi larri honetan, Espainiako Gobernuaren gaineko presioa areagotzen ari da egunez egun, premiazko neurriak berehala har ditzan.

Gaur, CEOE eta CEPYME patronalek Espainiako Gobernuaren iniziatiba falta kritikatu dute eta energiaren kostua arintzeko zein neurri hartuko dituen argitzeko eta neurri horiek premiaz ezartzeko eskatu diote.

Halaber, CEOEk esan du garraiolarien grebaren ondorioz "herritarrak hornidurarik gabe" gelditzen hasi direla, "jarduera ekonomikoa eteten" ari dela eta horrek "krisi sozioekonomiko handia" eragingo duela.

Horrez gain, CCOO eta UGT sindikatuek, beste eragile batzuekin elkarlanean, mobilizazioak dituzte Espainiako hiri eta herrietan, energiaren prezioaren gorakada salatzeko eta lanpostuak babestea exijitzeko.

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Espainiako Gobernua "gehiegi" ari dela luzatzen krisi honi eman beharreko erantzuna.

Oraingoz, Sanchezek bereari eusten dio eta neurriak ezartzeko epea martxoaren 29an mantendu, baina bere Gobernuak ostiraletik ostegun honetara aurreratu du garraiolarien ordezkariekin egin behar duen bilera.

Batzar horretan erregaien prezioari aurre egiteko igarri zituen neurriak aztertuko dituzte bi aldeek, eta Espainiako Gobernuak azpimarratu du ez direla mahaitik altxatuko, "akordio bat egin arte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika Iñigo Urkullu Nafarroa Grebak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuen azken ordukoa Arrantza Elektrizitatea Abeltzaintza enpresak Gasolinaren prezioaren igoera Merkantzia-garraioa