Ekonomia -
Eusko Jaurlaritza
Mendia: 'Ezinezkoa izango da botiken koordainketa epean aplikatzea'
Espainiako Gobernuak botiken koordainketearen inguruko dekretua argitaratu du Buletin Ofizialean. Horren arabera, ekainaren 30ean indarrean egongo da Espainiako Erkidego guztietan.
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du "ezinezkoa" izango dela botiken koordainketa ekainaren 30erako indarrean sartzea, ez Euskadin ez gainerako autonomia erkidegoetan.
Gaur bertan, Espainiako Gobernuak botiken koordainketaren inguruko dekretua argitaratu du Espainiako Buletin Ofizialean. Horren arabera, ekainaren 30ean indarrean egongo da Espainiako erkidego guztietan.
Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz, ezinezkoa izango da dekretu hori ekainaren 30ean indarrean egotea, "ez baita astirik izango lege hori indarrean jartzeko".
Rajoyren Gobernuak iragarritako gainerako murrizketak aztertzen ari dira, baina murrizketarik ez egiten saiatuko da Jaurlaritza, Mendiaren hitzetan.
Funtzionarioen lanaldia luzatzeari buruz, berriz, Mendiak adierazi du Rajoyren dekretuak "eskumenak urratu" egiten dituela eta balitekeela epaitegietara joatea.
Bestalde, Udal Lege proiektuari eustea erabaki du gaur Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrari lege hori bideratzen hasteko eskatu dio, iragan asteko Arbitraje Batzordearen erabakia jaso ondoren.
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Udal Lege proiektua bertan behera uzteko eskatu zion ostiralean Eusko Jaurlaritzari, "babes politiko eta instituzional nahikoa" ez duela iritzita.
Arbitraje Batzordeak Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek aurkeztutako helegiteak errefusatu egin zituen iragan astean.
Horregatik, Jaurlaritzaren Gobernu Bilerak proiektua mantentzea erabaki du eta Legebiltzarrari legea bideratzen hasteko eskatu dio.
ETAko presoak EHUn
Bestalde, ETAko presoak EHUn ikasteko eskaerarekin bat datorrela adierazi du Idoia Mendiak, betiere "beharrezkoak diren kontrolak eta bermek badaude".
Legebiltzarrak atzo egindako eskaerari Espainiako Gobernuak gaur bertan erantzun dio. Ez du Espetxe Zuzendaritzaren eta EHUren arteko akordioa "beharrezkotzat" jotzen, eta gai hori bertan behera uztea nahiago duela adierazi du.
Osasuna
Julian Perez Osakidetzako zuzendari nagusiaren hitzetan, ospitaleen kudeaketaren hobekuntzarekin sendagaien koordainketarekin aurreztu daitekeen berdina edo gehiago lortu da azken urteetan Euskadin.
Rafael Bengoa Osasun sailburuarekin eta Jesus Maria Fernandez sailburuordearekin batera agertu da Perez Eusko Legebiltzarreko Osasun batzordean, 2011ko datuen nondik norakoak azaltzeko.
Osakidetzako zuzendari nagusiak azaldu duenez, 2009tik Euskadiko ospitale publikoek 52.000 egunetan murriztu dute gaixoen egonaldia. Egonaldi bakoitza 817 eurokoa da, eta beraz, 42,5 milioi euro aurreztu dituzte.