Ekonomia -
VIII. Biltzar Nagusia
LAB: 'Sindikalismo subiranistak funtzio hegemonikoa bete behar du'
Barañainen, ekainaren 21ean eta 22an egingo duten biltzar nagusiaren helburuak aurkeztu ditu LAB sindikatuak.
Erredakzioa
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak uste du "sindikalismo subiranistak, datozen urteetan, funtzio hegemonikoa" bete behar duela.
Barañainen, ekainaren 21ean eta 22an, sindikatuaren lehentasunak eta erronkak zeintzuk izango diren zehazteko egingo duten biltzar nagusiaren helburuak aurkeztu dituzte Bilbon.
"Itunen politika berresten dugu, baina testuinguru historiko honetan, sindikalismo abertzaleak behar duen aliantza estrategikoaren inguruko eztabaida bat egin behar da, eta horrek, ekimen berriak hartzea dakar", adierazi du Etxaidek, ELA sindikaturi aipamen zuzenik egin gabe.
LABeko idazkari nagusiarentzat, Euskal Herria trantsizio fasea bizitzen ari da, ETAren jarduera armaturik gabe eta krisi ekonomikoarekin, beraz, "ziklo politiko eta ekonomiko" bat agortu da, eta horregatik, "errealitate berri bat ezarri behar dugu", esan du.
Gainera, Espainiak "krisi estrukturala" duela adierazi du, "autonomien estatua ekonomikoki eta politikoki bideraezina bilakatu delako". Horregatik, independentzia aldarrikatu du: "gure proiektuak euskal estatu sozialista eraikitzea dakar".
Bestalde, azken urteetan, "eta krisia tartean", sindikatuak afiliazio kopurua %11an handitu duela esan du Gorka Berastegi Antolakuntza arduradunak, baitik bat Bizkaian, nahiz eta kide gehienak Gipuzkoan dituen sindikatuak.
Sindikatuaren ordezkaritza ere handitu egin dela esan du, eta EAEn eta Nafarroan % 16,53ra iritsi direla gaineratu du.