Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Azpiazuk esan du soberakinak edukitzea "arduratsua" izatea dela: "Dirua erabiltzen ari gara"

Ekonomia eta Ogasun sailburuak "erantzukizuna eta neurria" eskatu dizkie oposizioko taldeei Ukrainiako egoerak eragindako krisiari aurre egiteko neurriak proposatzeko orduan.

Azpiazu, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Azpiazu, elkarrizketaren une batean.
Azpiazu, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak defendatu duenez, gobernu batek soberakinak edukitzea "arduratsua" izatea da, kontrakoa "arduragabekeria" litzatekeelako. Eusko Jaurlaritza diru hori erabiltzen ari dela azpimarratu du, gainera, eta covid gastura edo inbertsioetara bideratzen ari direla argitu du.

Eusko Jaurlaritzak erabilgarri duen ia 1.900 milioi euroko soberakina hizpide hartu du, horrenbestez, Azpiazuk. Hain justu, oposizioko taldeek dirutza erabiltzeko eskatu diote Ukrainako gerrak eragindako krisiari aurre egiteko.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, taldeok Jaurlaritzan baleude soberakinak edukiko lituzkete: "Ez izatea arduragabekeria da, txarto gobernatzea". Zehaztu du Europar Batasunak zorpetzeko muga kendu zuenetik, 2020tik, "unea aprobetxatzen" ari dela Jaurlaritza, eta soberakinak pilatu dituela. "Diru hori erabiltzen ari gara, gauza askotan", erantsi du, eta besteak beste, covid gastuari aurre egiten edo inbertsio planak martxan jartzen erabili dutela aipatu du.

Iñigo Urkullu lehendakaria Legebiltzarreko taldeekin egiten ari den bilera sortaz ere galdetu diote sailburuari. Batzarron asmoa da ostiralean egingo den osoko bilkurari begira (Ukrainako gerrak eragindako egoerari aurre egiteko neurriak adostea da helburua) taldeek euren proposamenak helaraztea. Horren harira, "erantzukizuna eta neurria" eskatu dizkio oposizioari. "Alderdi Popularrak zergak jaistea eskatu du, soberakinak gastatzea... dena da eskaera", kritikatu du. Horren aburuz, "eskaerak errealitatearen arabera moldatu behar dira (...) Batzuetan tentazioa izaten da Errege Magoei gutuna idaztea, eta Errege Magoek gauza gutxi ekarri ohi dituzte".

Zerga erreforma beharrezkoa ote den itaunduta, "hausnarketa hori" egin behar dela uste du, baina aurrena Ukrainako gerraren egoera argitu behar dela azpimarratu du: "Ikusiko dugu zein behar ditugun, eta horren arabera zehaztuko da norabidea".

Azkenik, inflazioari aurre egiteko soldata igoeraz duen iritzia berretsi du sailburuak. Horren aburuz, ezin dira soldatak ia %10 igo, horrek beste garestitze bat ekarriko lukeelako. Azaldu duenez, inflazioaren zati handiena (% 6) koiunturala da, energiaren garestitzearekin dago lotuta, eta % 3, berriz, "oinarrizko inflazioa da, nik kolesterol txarraren modukoa dela diot", argitu du. Hala, soldatak ehuneko horren arabera moldatzea egotzitzat jo du. "Inflazioak denoi eragiten digu, herritarroi, enpresei... Etorkizunera begira sakrifizio horiek konpentsatzeko mekanismoak jarri beharko ditugu". Halaber, errenten gaineko itunak Espainiako Estatuan egin beharko liratekeela erantsi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak Soldatak