Ekonomia -
Greba Osakidetzan
Osakidetzako grebaren jarraipena % 50ekoa da sindikatuen arabera, eta % 14koa Osasun Sailak jakinarazi duenez
ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta Satse sindikatuek deituta manifestazioak egingo dituzte 12:00etan Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Gutxieneko zerbitzuak larunbatetakoak izango dira.
EITB MEDIA
ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta Satse sindikatuek grebara deitu dituzte gaur Osakidetzako Lehen Arretako langileak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren "immobilismoa" salatzeko. Gutxieneko zerbitzuak larunbatetakoak izango dira.
Sindikatuek jakinarazi dutenez, grebaren jarraipena "oso zabala" izan da gaurko deialdian. Osasun zentro askotan grebaren jarraipena, hainbat kategoriatan, %100ekoa izan dela zabaldu du ELAk. Gainera, zentro batzuk itxita egon dira herritarrentzako arretarik gabe, hala nola Arangoiti, La Merced edo Altamira Bizkaian, edo Aranbizkarra II, Gazalbide edo Valles Araban, eta Lazkao Gipuzkoan. Guztira, jarraipena % 50 ingurukoa dela adierazi dute protesta deitu duten sindikatuek.
Hala eta guztiz ere, Osasun Sailak esan du grebaren jarraipena ez dela hainbestekoa izan, eta % 14,41ekoa dela. Horren arabera, parte-gartzea % 10,82koa izan da Araban; % 17,50ekoa, Bizkaian; eta % 11,63koa, Gipuzkoan.
Greba deialdia aurkezteko egin zuten prentsaurrekoan sindikatuek "Osasun Publikoaren arrakala digitala, murrizketak eta pribatizazioak" salatu zituzten eta "inbertsio gehiago, Lehen Mailako Arreta indartzea, kolektibo ahulenak zaintzea eta lan-baldintza duinak" eskatu zuten.
Sindikatuen arabera, Osakidetzako esparru guztietan deitutako azken greba egin zenetik Osasun Sailak "ez du pauso bakar bat ere eman osasun-sistema publikoak bizi duen egoera larriari buelta emateko".
Horregatik, negoziazio "erreal" baterako deia egin zuten, eta Osasun Sailak "pausorik ematen ez badu", mahai sektorialean ez dutela berriro parte hartuko eta protestekin jarraituko dutela adierazi zuten.
Lanuzteaz gain, sindikatuek manifestazioak egin dituzte 12:00etan Bilbon, Donostian eta Gasteizen.