Ekonomia -
lan eskubideak
Etxeko eta zaintzako langileek elkarretaratzea egin dute Iruñean, euren eskubideak aldarrikatzeko
LAB sindikatuak, SOS Racismo Navarrak eta etxeko langileen elkarteek elkarretaratzea deitu dute nafar hiriburuan.
agentziak | eitb media
Etxeko eta zaintzako langile talde bat Iruñeko Sarasate pasealekuan elkarretaratu da larunbat honetan, euren lan eskubideak defendatzeko eta, zehazki, kolektibo horrek duen Gizarte Segurantzaren erregimen bereziaren eliminazioa eskatzeko.
LAB sindikatuak, SOS Racismo Navarrak eta etxeko langileen elkarteek deitu dute elkarretaratzea. Pankarta batean, lelotzat eraman du hurrengo esaldia: "Eskubide guztiak etxeko eta zaintzako langileentzat".
Halaber, parte hartzaileek plastikozko amantalak eraman dituzte, "Laneko osasuna orain", "Langabezia prestazioa orain", "Etxeko langileak borrokan" edo "Diskriminaziorik ez" bezalako leloekin.
Deitzaileen bozeramaile batek adierazpen bat irakurri du. Martxoaren 30ean Etxeko eta Zaintzako Langileen Nazioarteko Eguna izan zen eta, hori dela eta, "sektore honetako langileok bizi dugun diskriminazio egoera" salatu dute, "langile gisa baina baita pertsona gisa ere".
Nabarmendu duenez, 2012an etxeko langileen Erregimen berezia "inposatu" zieten eta horrek, "erregimen orokorrean erabat sartzetik eta lan baldintza duinak bermatzetik urrun, erabateko diskriminazio eta zaurgarritasun egoera ekarri digu. Egoera horrek hedabideetara jauzi egin du berriki, Estrasburgoko Auzitegiaren epaiak onartu baitu langile gisa diskriminatzen gaituztela".
Etxeko eta zaintzako langileek berretsi dute ez dutela langabeziarako eskubiderik, "orotariko indarkeriak" pairatzen dituztela, "amaigabeko lanaldiak" egiten dituztela, prekarizatuta daudela eta "lan baldintza okerragoak" eskaintzen zaizkiela egoera irregularrean egoteagatik, edo "paperak eskuratzeko xantaia" egiten dietela.
"Nazkatuta gaude itxaroteaz, nazkatuta gaude promesa faltsuez. Nazkatuta gaude berdintasunari buruz eta pertsona orok eskubide berdinak dituen gizarte batean bizi garela entzuteaz", adierazi dute oharrean.
Hori dela eta, erakunde eta administrazio publikoei eskatu diete etxeko langileen Erregimen berezia kentzeko, LANEko 189 Hitzarmena lehenbailehen berresteko eta langabeziagatk prestazioa kobratzeko eskubidea izateko.
Gainera, Laneko Arriskuen Prebentziorako Legean sartzeko eskatu dute, Atzerritarrei Buruzko Legea abolitzeko eta egoera irregularrean dauden pertsona guztiak baldintzarik gabe erregularizatzeko.
Aldarrikapenok "argiak eta irmoak dira, eta nola edo hala lortuko ditugu. Ez gara beste minutu batez isilik egongo. Ez dugu biktimizatu nahi, etxeko eta zaintzako langileok subjektu politikoak garelako. Ez dugu ezer oparitzerik nahi, eta ez dugu karitatezko neurririk eskatzen", baietsi dute langileek.
"Eskatzen duguna gizarte justizia kontua da. Borroka hau hasi besterik ez da egin. Horregatik, deia egin nahi diegu gure lankide guztiei, langileei, beste sektore feminizatuetako kideei, mugimendu feministari, mugimentu antiarrazistari eta, oro har, gizarteari, borroka honetara batu daitezen", gaineratu dute.