Ekonomia -
Lan istripua
Langile bat hil da Zamudion, lan istripu ez traumatiko batean
Ingemat enpresan izan zen lan istripua, apirilaren 6an. LABek salatu duenez, tramatikoak ez diren lan istripuak "ez dira kasualitatez gertatzen lan ordutegian". Aurten horrela hil den hirugarren langilea da.
Agentziak | EITB Media
Zamudion (Bizkaia) dagoen Ingemat enpresako langile bat hil da, lan istripu ez traumatiko batean. Gaur jakinarazi du LAB sindikatuak, baina apirilaren 6an hil zen langilea. Sindikatuak babesa eta elkartasuna adierazi die hildako langilearen senideei, gertukoei eta lankideei.
Gainera, gogorarazi du egun berean arrantzale bat hil zela Santoñan (Kantabria), berdelaren kanpainan izandako beste lan istripu ez traumatiko batean. Horrela, Euskal Herrian gutxienez 17 langile hil dira lanean edo horren ondorioz 2022an, sindikatuaren arabera.
"Traumatikoak ez diren istripuak lan istripuak dira. Ez dira kasualitatez gertatzen lan ordutegian, ez zorte txarragatik, ez halabeharragatik, enpresaburuek dioten bezala. Frogatuta dago lan baldintzak, presioak eta estresa funtsezko faktoreak direla istripu kardiobaskularretan, eta horiek bihurtu direla lan istripuen kausa nagusia", adierazi du sindikatuak.
Istripu guztien % 25 baino gehiago ez traumatikoak izaten dira. Aurten jada hiru langile hil dira Euskal Herrian kausa horren ondorioz.
Istripu honen eta lan istripu guztien atzean "langile klasearen lan eta bizi baldintzak" daudela salatu du LABek, faktore anitzekoak izan arren. "Lan baldintza txarrek, estresa eta bestelako gaixotasun kardiobaskularrak eragiten dituzte, eta horrek patologia ugari eragiten dizkie langileei", horien aburuz.
Bihar, apirilaren 12an, euskal gehiengo sindikalak mobilizazioa egingo du Hondarribian (Gipuzkoa), Santoñan hildako arrantzalearen heriotza salatzeko, Prekaritatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez lelopean. 11:30ean izango da, Kofradian.