Ekonomia -

Lana

Pandemiaren osteko "bultzada sozioekonomikoa" emateko Enplegu Plan Estrategiko berria onartu du Jaurlaritzak

80.000 enplegu sortzea aurreikusten du planak, betiere "kalitatezkoak eta pertsona guztiak erabat gizarteratzeko eta laneratzeko aukera emango duten baldintzetan".

Langilea. Artxiboko argazkia: EFE
Langilea.
Jaurlaritzak 2.071 milioi euro erabiliko ditu enplegua eta jarduera ekonomikoa suspertzeko

1:6

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enplegu Plan Estrategiko berria onartu du Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoari pandemiaren osteko "bultzada sozioekonomikoa" ematen laguntzeko. Idoia Mendia Lan eta Enpleguko sailburuak eta lehendakariordeak aurkeztu ditu planaren ildo nagusiak, Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan.

Mendiak azaldu duenez, 80.000 lanpostu sortzeko helburua du 2021-2024 legealdiko plan berriak, baina horiek "kalitatezkoak" eta "pertsona guztiak erabat gizarteratzeko eta laneratzeko aukera emango duten baldintzetan" izatea nahi du. Horretarako 2.071 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak. Azken helburua du langabezia-tasa % 10etik behera egonkortzea.

Sailburuaren hitzetan, kalitatezko enplegua lortzeko berdintasuna kontuan izan behar da, arrakala murriztu behar da, soldata duinak ziurtatu behar dira eta kontratu finkoen kopurua igo behar da. "Horretan egongo gara lanean hurrengo lau urteetan", esan du.

Halaber, 23.000 enpresari lagunduko diete, 52.000 langileren enplegagarritasuna hobetuko dute eta langabezia egoeran dauden 48.000 pertsona birkualifikatuko dituzte.

Jaurlaritzak egindako aurkezpenean "kontratu sozial berri baterako" bidea aipatu du, horretarako martxan dauden hiru trantsizio ezarrita: "digitala, energetiko-klimatikoa eta demografikoa". Era berean, Ukrainako gerraren "mehatxua" ere kontuan izan du egoera berrirako bidea diseinatzean.

EAEko Enpleguaren Legea diseinatzen hasiko da Jaurlaritza enplegu plan berri honekin batera. Horren baitan kokatzen dira ildo berriaren aurkezpenean aipatutako helburu kualitatiboak: behin-behinekotasuna, nahi gabeko partzialtasuna eta lan-istripuak murriztea, genero-berdintasuna eta gazteen enplegua sustatzea, iraupen luzeko langabezia gutxitzea eta lanean daudenen eta ez daudenen enplegua eta prestakuntza babestea.

Plan berria sortzeko, Lan eta Enplegu sailak lan-merkatuaren diagnosia egin du. Identifikatu dituen alde negatiboen artean daude, besteak beste, behin-behinekotasuna, "enplegu pobreak", gazteen langabezia eta langabeziaren "kronifikazioa". Euskadin, ordea, enpresen sare sendoa eta kualifikazio orokor altua dago, analisi honen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Lana berriak Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak