Ekonomia -

KPI

% 9,8ko inflazioa izan da martxoan

Azken 37 urteetako urte arteko inflaziorik altuena da. Argindarra, erregaiak eta elikagaiak garestitzeak ia % 10ean jarri du KPIa.

Supermerkatua. Argazkia: EFE
Supermerkatua.
Supermerkatua. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inflazioa % 9,8koa izan da martxoan Estatuan, Espainiako Estatistika Institutuak esan duenez. Modu horretan, martxoko KPI aurreratua konfirmatu du institutuak. Azken 37 urteetako inflaziorik altuena da. Argindarra, erregaiak eta elikagaiak garestitzeak ia % 10ean jarri du KPIa.

Otsailetik martxora, KPIa % 3 igo da. Urte arteko tasa ere bi puntu igo da aurreko hilarekin alderatuta, % 9,8ra arte. Tasarik altuena da 1985eko maiatzetik.

Estatistika Institutuaren arabera, urte arteko KPIa ia % 10 izatearen arrazoia hurrengo produktuen salneurrien igoera da: elektrizitatearen eta berokuntzarako gasolioa, ibilgailu pertsonaletarako erregaiak, jatetxeak eta ostatu-zerbitzuak eta elikagaiak, batez ere arraina eta itsaskiak, haragia, lekaleak eta barazkiak, eta esnea, gazta eta arrautzak.

Azpiko inflazioak (landu gabeko elikagairik eta produktu energetikorik gabe) lau hamarren egin du gora martxoan, % 3,4ra arte, 2008ko irailetik izan duen baliorik altuena.

Azken urtean, kalefazioa, argiteria eta uraren banaketa % 68,3 garestitu dira; olioen eta koipeen prezioak % 32,1 igo dira eta garraio pertsonala % 19,3 garestiagoa da, erregaien kostu handiagoagatik. Halaber, bi digituko gorakadak erregistratu dira arrautzetan eta esnean (duela urtebete baino % 11 garestiago daude) eta ardi-haragian eta arrain fresko eta izoztuan ( % 10,1eko gorakada bi kasuetan).

Hilabete arteko tasari dagokionez, KPIak hazkunderik handiena izan du 2002tik, estatistika honen metodologia aldatu zenetik, hain zuzen.

Prezioen igoera Hego Euskal Herrian

Euskal Autonomia Erkidegoan, urte arteko inflazioa Estatukoa baino lau hamarren txikiagoa da, nahiz eta otsailetik martxorako aldakuntza ere % 3koa izan. Urte arteko KPIa % 9,5ean kokatu da, energiaren eta elikagaien igoerak bultzatuta.

Nafarroako Foru Erkidegoan, KPIa Estatuko bera da: % 9,8.

Inflazio handia mundu mailan

Mendebaldeko beste herrialde batzuetan ere inflazioa izaten ari da.

Alemanian martxoko urte arteko tasa % 7,3 izan da; Erresuma Batuan, % 7; eta Estatu Batuetan %, 8,5. Azken hiru hamarkadetako tasarik altuenak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Espainia bideoak KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumitzaileen eskubideak