Ekonomia -
"Politika Ekonomiko Berria"
EAJk proposamena aurkeztu du ekonomiaren 'gainbeherari' aurre egiteko
Urkulluk azpimarratu du ez duela Eusko Jaurlaritzarekin "aurrez aurre" jarri nahi, "Euskadiko ekonomiaren hazkundea bizkortzeko" proposamen bat egin baizik.
Erredakzioa
EAJk "Politika Ekonomiko Berria" izeneko txosten bat osatu du EAEren krisi ekonomikoari aurre egiteko, izan ere, azken hilabeteotan "okerrera" egin du eta urteko azken hiruhilekoan "egoera oraindik larriagoa" izango dela uste du.
Alderdiko buruzagi eta erakundeetako ordezkari jeltzale nagusiek premiazko bilera egin dute Sabin Etxean eta horren ostean emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez, "euskal gizarteari hazkundea lortzeko agenda" bat eskaintzea da helburua.
Horren harira, Iñigo Urkullu EAJren presidenteak ohartarazi du "egoera ekonomikoa larria" dela. "Defizit publikoaren mugak gainditu egin dira, zorpetzea biderkatu egin da eta langabezia tasa Estatuko hazkundearen bikoitzaren abiaduran hazten ari da", gaineratu du buruzagi jeltzaleak.
EAJk "politika ekonomikoaren norabidea aldatzea" proposatu du, eta horretarako zirriborro bat osatu du. Ez omen dute zirriborroa Eusko Jaurlaritzarekin "aurrez aurre" jarri nahi, adituen iritziak eta ekarpenak jaso nahi dituzte. EAJk agintzen duen erakundeetan txosten hori erabiliko dute "politika ekonomiko berria" martxan jartzeko. Eusko Legebiltzarrera eraman eta gainerako alderdiekin eztabaidatzeko asmoa ere ba omen dute.
Testuan, Euzko Alderdi Jeltzaleak "autogobernuaren tresna guztiak erabiltzea" proposatzen du "politika ekonomiko eraginkorragoa" lortzeko, eta EAE "Europako hazkundearen lehenengo abiaduran" jartzeko.