Ekonomia -
sare sozialak
Elon Muskek Twitterren erosketa negoziatu nahi du, 46.500 milioi dolarreko finantzaketarekin
Twitterreko akzioen % 9 baino gehiago duen enpresaburuak 43.000 milioi dolarreko eskaintza publikoa egin zuen apirilaren 14an hori erosteko, unekoari kontrajarrita.
agentziak | eitb media
Elon Musk enpresaburu estatubatuarrak ostegun honetan adierazi duenez, "akordio bat negoziatu" nahi du Twitter sare soziala erosteko. Jakinarazi du 46.500 milioi dolarreko finantzaketa duela, zenbait finantza erakunderen babesarekin.
AEBko Balore Merkatuaren Batzordeari (SEC) zabaldutako agirian, Teslaren fundatzailea prest agertu da negoziazioa "berehala" abiatzeko, duela egun batzuk mahai gainean jarritako "azken" eskaintzari kontrajarrita.
Muskek 43.000 milioi dolarreko eskaintza egin zuen konpainiaren truke apirilaren 14an, akzio bakoitzeko 54,20 dolar eskainita. Horren aurrean, enpresak "pozoi pilula" deritzon barne estrategia aplikatu zuen, proposamena baloratu bitartean denbora irabazteko.
Orain, Teslaren sortzaileak operazio horren finantzaketari buruzko informazioa eman du. Ezagutarazi duenez, Morgan Stanleyk eta "beste finantza erakunde batzuek" 25.500 milioi dolar inguruko maileguak emateko konpromisoa hartu dute.
Era berean, "konpromiso pertsonala" adierazteko gutuna eskaini du. Horren arabera, 21.000 milioi dolar gehigarri ditu funts propioetan, berak sortu eta zuzendutako ibilgailu elektrikoen enpresako akzioetatik etorriko liratekeenak.
Musk "berehala" negoziatzeko prest agertu izana ez dator bat hasieran eskaintza egiteko aukeratu zuen moduarekin. "Hoberena eta azkena" zela esan zuen orduan, eta akzio guztiak saltzeko mehatxua egin zuen, zuzendaritza batzordeak eskaintza ukatuz gero.
Twitterreko akzioen % 9tik gora duen enpresaburuak, munduko gizonik aberatsena ere badenak, iragarri duenez, "erantzun falta" ikusita, akziodunei "erosteko eskaintza publikoa" egiteko asmoa dauka, gainerako tituluak eskuratzeko.
Hala ere, Muskek adierazi du oraindik ez duela erabaki halakorik egingo duen.
Gainera, AEBko erregulatzaileari ohartarazi dio balitekeela "noizbehinka" sare sozialetan bere iritziak "eztabaidatu edo adieraztea" Twitterreko zuzendaritza batzordeari edo zuzendaritza batzorde horretako kideei, operazio potentzialaren ingurukoak edo plataformaren funtzionamenduari buruzko beste gai batzuen ingurukoak.
Enpresaburuak arazo judizialak izan ditu SECekin azken urteotan, sare sozialetako jarraitzaileei automobil enpresaren inguruan egiten zizkien adierazpenenengatik, bere kotizazioari eragin liezaioketelako.