Ekonomia -
Langileen Eguna
ELAk prekarietatearen aurkako borroka indartuko du maiatzaren 1ean
"Borrokan ari gara" lelopean, sindikatuak manifestazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan. 11:30ean aterako da Donostian Alderdi Ederretik; Bilbon, Jesusen Bihotzetik; eta Iruñean, Gurutzeko plazatik. Gasteizen, berriz, 12:00etan ekingo diote Andre Maria Zuriaren plazatik.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
ELAk manifestazioak deitu ditu maiatzaren 1erako, Langileen Egunerako, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, 541.600 lanpostu prekarioen eta bizitzaren garestitzearen aurka. "Borrokan ari gara" izango da aurtengo leloa.
Astelehen honetan Donostian egindako prentsaurrekoan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak sindikatuak egun horretarako antolatu dituen jarduera guztien berri eman du. Horren hitzetan, "Maiatzaren Lehena ospatzea gizartearen begirada berdinzaleagoa eta solidarioagoa aldarrikatzea da".
Aurkezpen ekitaldian, Leire Txakartegi Antolakuntza arduraduna izan du lagun Lakuntzak. Idazkari nagusiaren aburuz, "enpresek inoiz baino mozkin gehiago izan dituzte 2021ean, baina gobernuek soldatak ez igotzeko deia egin dute". "Errenten ituna deitzen diote", esan du. Zentzu horretan, azpimarratu du ELAk ez duela errenten itunik sinatuko langileak pobreagoak izan daitezen.
ELAk salatu duenez, Hego Euskal Herrian 541.600 langile baino gehiago egoera prekarioan daude (407.300 EAEn eta 134.330 Nafarroan), eta batez ere emakumeak dira errealitate hori gehien jasaten dutenak. "Enplegu prekario horiekin amaitzea da sindikatuaren zeregin nagusia, eta errealitateak erakusten digu borroka sindikala dela biderik eraginkorrena", erantsi du.
Horrez gain, "etxebizitzak jasaten duen espekulazioa" eta "energia enpresen tarifa lotsagarrien iruzur handia" izango ditu jomuga aurtengoan ELAk.
Hala, manifestazioak deitu ditu Euskadiko eta Nafarroako hiriburuetan. Donostian, 11:30ean aterako da Alderdi Ederretik; Bilbon, Jesusen Bihotzetik, ordu berean; Iruñean, Gurutzeko plazatik, 11:30ean; eta Gasteizen, 12:00etan, Andre Maria Zuriaren plazatik.