Ekonomia -
ETXEBIZITZA
Gaztelagun alokairurako laguntzak jasotzeko gehieneko adina 36 urtera igo du Eusko Jaurlaritzak
Gainera, dirulaguntza eska dezaketen pertsona kopurua areagotu da, eskatzaileen urteko gehieneko diru-sarrera gordinak igo eta laguntza eskatzeko hiru urteko gehieneko epea ezabatu egin delako.
EITB MEDIA
Gaurko gobernu bileran, gazteen alokairua diruz laguntzeko Gaztelagun programaren agindu berria onartu du Eusko Jaurlaritzak, eta 7,6 milioi euroko aurrekontua izango du. Horrela, aurrerantzean pertsona gehiagok eskatu ahalko dute dirulaguntza, besteak beste, eskatzaileen urteko gehieneko diru-sarrera gordinak igo, laguntza eskatzeko hiru urteko gehieneko epea ezabatu eta gehienezko adina 36 urtera luzatu delako.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak Gaztelagun programaren agindu berriaren xehetasunak azaldu ditu. Dirulaguntza horiek gutxi gorabehera zenbat pertsonak jaso ahalko dituzten galdetuta, Arriolak esan du Gaztelagun programak ez duela ikuspuntu lehiakorra eta dagoen eskaerari erantzun nahi diola. Nolanahi ere, eskatzaileen kopurua handitzea espero du.
Hauek dira aldaketa nagusiak:
· Urteko 24.500 eurorainoko diru-sarrera gordinak dituzten norbanakoek eskatu ahalko dute dirulaguntza. Familien kasuan, gehienezko kopuru hori 30.000 eurokoa izango da; 32.000 eurokoa, familia ugarien kasuan.
· Laguntzaren hileroko zenbatekoa 250 eurotik 275 eurora igoko da. 2022an abian jarri ahal izan da aurtengo Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legean sartu baitzen.
· Jaso ahal izango den gehieneko diru kopurua errentaren % 60 izango da. Orain arte, % 50ean zegoen jarrita langa.
· Urtebetetik sei hilabetera murriztu da laguntza eskatu ahal izateko etenaldirik gabe Euskadin bizi beharreko denbora.
· Baimendutako hasierako gehieneko errenta igo egin da hiru hiriburuetan (Bilbo, Donostia eta Gasteiz) 775 eurotik 800 eurora. Bilboko eta Donostiako metropolian eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, 750 euroan mantendu da; gainerako herrietan, 675 euroan.
Araudi berria maiatzaren 6an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, sartuko da indarrean.
Gaztelagun programako dirulaguntzak eskatzeko hiru modu daude: Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan, Eusko Jaurlaritzaren webgunean eta Alokabideren webgunean eska daitezke.