Ekonomia -
Irungo Ogasuna
Iruzurraren biktima baten kexa: 'Ze fundamentu du Ogasun honek?'
Irungo Ogasunaren iruzurraz ohartaraztea ahalbidetu zuen erreklamazioaren egileak deklaratu du.
Erredakzioa
"Ze fundamentu du Ogasun honek?". Kexa hori helarazi dio epaileari Irungo Ogasuneko biktima batek. Zorra kitatu eta 2006an Ogasunak berriz eskatu zion dirua, horregatik erreklamazioa jarri eta iruzurraz jabetzea ahalbidetu zuen.
Beste lekuko batzuekin batera, Jose Maria Bravoren, Rosa Cobos emaztearen eta Pedro Atristain bazkidearen aurkako epaiketan deklaratu du.
"Inoiz ez dut zorrik izan", esan du gizonak, horregatik, 2003an 104.00 euroko zorra eskatu ziotenean, erakundearen auzitegi ekonomiko-administratiboan helegitea jartzeko aholkulari bat kontratatu zuela kontatu du.
Azken hau Jose Maria Bravorekin hitz egitera joan eta 60.000 euro ordainduz gero, zorra kitatuko zuela esan zion. Bi alditan ordaindu zuen kopuru hori, eskudirutan, eta lekukoak berak Bravori eskutan eman ziola adierazi du. Zumaian bahituta zituen bi etxebizitza aske gelditu ziren eta horregatik, 2006an, Ogasunak, berriz zorra ordaintzeko eskatu zionean "harritu" egin ziola gaineratu du. Deklarazioaren amaieran, Ogasunaren inguruan kexatu da eta bere kasua Interneteko bilatzaile batetik ezabatzeko gestioak egiteko eskatu dio epaileari.
Bestetik, Luis Maria Bandres (EAJ) 1995 eta 2003 urte artean Gipuzkoako diputatu eta jaurlaritzako Kultura sailburu ohiaren alargunak ere epailearen aurrean deklaratu du. Administratzaile zen enpresak 600.000 euroko zorra zuela esan du eta Bravok, 108.000 euro, hiru epetan, ordaintzea proposatu ziola. Gainera, zorra, Irungo Ogasunean eskudirutan ordaindu zuela kontatu du. Epaiketak bihar jarraituko du lekuko berrien deklarazioekin.