Ekonomia -

Lana

3.800 lagunek lana galdu dute EAEn lehen hiruhilekoan eta 900 nafarrek topatu dute enplegua

Langabezia % 2,99 igo da EAEn lehen hiruhilekoan, eta langabezia-tasa % 8,69koa da. Nafarroan, enplegua % 0,32 hazi da, autonomia guztien artean bigarren igoerarik handiena izan du.

Enplegu bulego bat. EFE.
Enplegu bulego bat. EFE.
Enplegu bulego bat. EFE.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2022ko lehen hiruhilekoan 3.800 enplegu suntsitu dira EAEn, aurreko hiru hilabeteetan baino % 0,39 gehiago; hala, biztanleria aktiboa 953.200 pertsonakoa da. Aurreko urteko aldi berean, % 5,75 hazi zen landunen kopurua, 51.900 lagunek topatu baitzuten lana orduan.

Ostegun honetan argitaratutako Biztanleria Aktiboari buruzko Inkestaren arabera, urte hasieran baino 2.600 langabe gehiago daude EAEn (% 2,99 gehiago), eta 90.800 dira lanik gabe dauden herritarrak. Langabezia-tasa % 8,69koa da, 2021eko itxieran baino 25 ehunen gehiago, nahiz eta Espainiako txikiena izaten jarraitzen duen.

Nafarroan, egoera oso bestelakoa da: enplegua % 0,32 hazi da Foru Erkidegoan urteko lehen hiruhilekoan, eta termino erlatiboetan gehien igo diren erkidegoen artean bigarrena izan da, Valentziako Erkidegoaren atzetik (% 1,89).

Azken datuen arabera, Nafarroan 288.800 pertsona daude lanean, 2021eko azken hiruhilekoan baino 900 gehiago, eta 33.600 langabe.

Espainiako Estatuan, 2022ko lehen hiruhilekoan, bost erkidegotan eta Ceuta hirian bakarrik egin du gora enpleguak, eta hamabi erkidegotan eta Melillan egin du behera; Estatu osoan, batez beste, % 0,50eko jaitsiera izan du.

Lan-merkatuak 100.200 landun galdu zituen urteko lehen hiruhilekoan, aurrekoaren aldean, guztira 20.084.700 landun zenbatu baitzituzten; langabeziak, berriz, gora egin zuen, 70.900 langabe gehiago zenbatuta, guztira 3.174.700 langaberaino iritsi baitzen datua, normalean enplegurako txarra izaten den aldi batean.

Urte arteko datuei dagokienez, enplegua autonomia-erkidego guztietan hazi da urtebetean; % 5,75 egin du EAEn eta % 4,01 Nafarroan. Estatuan, berriz, batez beste % 4,57 egin du gora enpleguak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Nafarroa gaur EAE Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Espainia argazkiak