Ekonomia -
Next Generation
Europako funtsak "arintasun eta zentzutasun handiagoz" heltzea espero du Azpiazuk
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak EBko Next Generation funtsak esleizeko erritmoa kritikatu du berriro, "arina eta eraginkorra" izatea eskatzen duen une honetan.
Mikel Dominguez | EITB Media
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak EBren Next Generation funtsaren baliabideak orain arte baino "arintasun eta zentzutasun handiagoz" etortzea nahi du, zailtasun ekonomikoen aurrean, "uneak arina eta eraginkorra izatea eskatzen baitu".
Sailburuak azaldu duenez, orain arte, Eusko Jaurlaritzak ez du banaketan parte hartzerik izan, ez baitzaie ardurarik eman autonomia-erkidegoei, "Europak eskatzen zuen bezala".
Azpiazuren esanetan, funtsen % 3,88 EAEra iritsi da, eta ehuneko hori ez dator bat autonomia-erkidegoko biztanleriaren edo errentaren moduko datu objektiboekin.
"Hala eta guztiz ere, espero dezagun 2022tik aurrera zuzentzea eta benetako baliabideak eskura izatea", adierazi du sailburuak.
Azpiazuk Next Generation Euskadi programari buruzko informazio guztia eskuratzeko web orri berri baten aurkezpenean eman ditu datuak. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoekin (SEM) zerikusia duten funtsak eskuratzeko interesa duten eragileek deialdiak, lizitazioak eta laguntzak arintasunez aurkitzeko bide erraz bat izatea" da webgunearen helburua.
Jaurlaritzaren nahia da funtsak "ekimen eraldatzailetan, datozen belaunaldientzat etorkizun-agertoki bat ziurtatuko duten ekimenetan, hezurmamitzeko".
Sagunteko (Valentzia) gigafaktoria batean egindako inbertsioak EAEn eraginik izango ote duen galdetuta, Azpiazuk azaldu du proiektuan badaudela "euskal enpresa batzuk" daudela, baina nahiago lukeela autonomia-erkidegoan egitea. Sailburuak Euskadiko inbertsioak aurrera ateratzea espero du, ez baitu espero inbertsio horren eta EAEn egin beharreko beste batzuen artean "bateraezintasunik" egotea.