Ekonomia -
Argindarra
Gasaren prezioari muga jarri dio Espainiako Gobernuak, argindarraren faktura murrizteko
Neurria behin-behinekoa izango da. Portugalekin batera hartutako "aurrekaririk gabeko" erabakiari oniritzia eman dio Europar Batasunak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuak behin behineko muga bat jarri dio argindarraren fakturarako erreferentzia gisa erabiltzen den gasaren prezioari, ezohiko Ministroen Kontseiluaren bileraren ostean iragarri duenez. Neurri horri esker, argindarraren faktura ia % 40 jaitsiko da handizkako merkatuan indexatutako tarifak dituzten kontsumitzaileentzat.
"Lehen aldiz ez dute betikoek ordainduko. Lehen aldiz, hartzen diren neurrien helburu nagusia enpresa elektrikoen aparteko mozkinak murriztea da", eta "kontsumitzaile guztientzat onurak egotea", defendatu du Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak.
Zentzu horretan, argindarraren prezioaren igoeraren aurrean azken hilabeteetan erantzunik eman ez izana aurpegiratu die Riberak argindar sektoreko enpresa handiei: "Asko gustatuko litzaiguke etxeen ordaintzeko ahalmenarekin edo industriaren beharrekin bat datorren portaera izatea".
"Berehalako efektua da gasaren kostuan ordainduko den elektrizitate bakarra gas naturala erabiliz sortutakoa dela. Gainerako energiak kutsatzeko efektua ezabatzen dugu, eta horrek aparteko mozkinak nabarmen murriztea ekarriko du ", azaldu du Riberak.
Ministroak nabarmendu du neurri horrek "aurrekari gutxi" dituela, "baten bat baldin badu"; izan ere, Europak ulertu ditu "Espainiak eta Portugalek salbuespen hori izateko arrazoiak". Esan duenez, "aterki bat" izango da etxeko kontsumitzaileak eta industria handia babesteko.
Isabel Rodriguez Exekutiboko bozeramaileak esan du erabaki horrek Europako energia-politikan "egiturazko aldaketa" baten lidergoan jartzen duela Espainia.
48,8 €/MWh-ko batez besteko salneurria
Bruselarekin negoziatu duten mekanismoaren arabera, hamabi hilabetez gasak batez beste 48,8 euro balioko du megawatt orduko (gaur egungo prezioaren ia erdia), eta mesede egingo die handizkako merkatuan elektrizitatearen gorakadak eragindako kontsumitzaileei, etxebizitzetan zein industrian.
Prezioa 40 eurokoa izango da sei hilabetez, eta, ondoren, 48,8 euroraino igoko da. Merkatuko erreferentziazko prezioa, berriz, 100 euro/MWh-tik gorakoa da gaur egun —Europan erreferentzia den Herbehereetako TTFren kasuan bezala—.
Merkatu elektrikoaren egungo konfigurazioan, gasak elektrizitatearen prezio globala zehazten du, ekoizle guztiek prezio bera jasotzen baitute produktu beragatik, elektrizitatea sarean sartzen denean.
Espainiako eta Portugalgo gobernuek aldi berean onartu dute neurria, Europako Kontseiluak bi herrialdeek energiaren prezio garestiei aurre egiteko duten zailtasuna onartu eta bi hilabetera.
Araua Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean. Litekeena da bihar edo astelehenean argitaratzea. Hala ere, EBren behin betiko onarpenaren mende dago, eta litekeena da, Riberak zehaztu duenez, astebete edo hamar egun atzeratzea erabat indarrean sartzeko. Beraz, ordura arte ez da doikuntzarik egingo.