Ekonomia -

Argindarra

Gasaren prezioari muga ez da ekaina baino lehen aplikatuko, eta 12 hilabeteko iraupena izango du

Espainiako Exekutiboak sektoreari mekanismo berrira egokitzeko eman dion epea kontuan hartuta, gas prezioaren muga ekainaren 1ean sartuko litzateke indarrean, Europako Batzordearen baimena lehenago iristen baldin bada.

Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argindarra sortzeko erabiltzen den gas naturalaren prezioa mugatzeko, Espainiako Gobernuak ostiral honetan onartu duen mekanismoa ekainean sartuko da indarrean, eta 12 hilabeteko iraupena izango du. Handizkako merkatuan argindarraren salneurria % 40 murriztea espero dute.

Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren iturriek zehaztu dutenez, litekeena da errege dekretua larunbat honetan argitaratzea Estatuko Aldizkari Ofizialean, baina ez da aplikatuko Europako Batzordeak behin-betiko onartu arte.

Espainiako Exekutiboak sektoreari mekanismo berrira egokitzeko eman dion epea kontuan hartuta, gas prezioaren muga ekainaren 1ean sartuko litzateke indarrean, Europako Batzordearen baimena lehenago iristen baldin bada.

Neurri horri esker, argindarraren faktura ia % 40 jaitsiko da handizkako merkatuan indexatutako tarifak dituzten kontsumitzaileentzat.

"Lehen aldiz ez dute betikoek ordainduko. Lehen aldiz, hartzen diren neurrien helburu nagusia enpresa elektrikoen aparteko mozkinak murriztea da", eta "kontsumitzaile guztientzat onurak egotea", defendatu du Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak.

Zentzu horretan, argindarraren prezioaren igoeraren aurrean azken hilabeteetan erantzunik eman ez izana aurpegiratu die Riberak argindar sektoreko enpresa handiei: "Asko gustatuko litzaiguke etxeen ordaintzeko ahalmenarekin edo industriaren beharrekin bat datorren portaera izatea".

"Berehalako efektua da gasaren kostuan ordainduko den elektrizitate bakarra gas naturala erabiliz sortutakoa dela. Gainerako energiak kutsatzeko efektua ezabatzen dugu, eta horrek aparteko mozkinak nabarmen murriztea ekarriko du ", azaldu du Riberak.

Ministroak nabarmendu du neurri horrek "aurrekari gutxi" dituela, "baten bat baldin badu"; izan ere, Europak ulertu ditu "Espainiak eta Portugalek salbuespen hori izateko arrazoiak". Esan duenez, "aterki bat" izango da etxeko kontsumitzaileak eta industria handia babesteko.

Isabel Rodriguez Exekutiboko bozeramaileak esan du erabaki horrek Europako energia-politikan "egiturazko aldaketa" baten lidergoan jartzen duela Espainia.

Tarifa arautua duten kontsumitzaleek ekainetik aurrera % 30eko merkatzea izango dute argindarraren fakturan
Tarifa arautua duten kontsumitzaleek ekainetik aurrera % 30eko merkatzea izango dute argindarraren fakturan
Tarifa arautua duten kontsumitzaleek ekainetik aurrera % 30eko merkatzea izango dute argindarraren fakturan

01:18

48,8 €/MWh-ko batez besteko salneurria

Bruselarekin negoziatu duten mekanismoaren arabera, hamabi hilabetez gasak batez beste 48,8 euro balioko du megawatt orduko (gaur egungo prezioaren ia erdia), eta mesede egingo die handizkako merkatuan elektrizitatearen gorakadak eragindako kontsumitzaileei, etxebizitzetan zein industrian.

Prezioa 40 eurokoa izango da sei hilabetez, eta, ondoren, 48,8 euroraino igoko da. Merkatuko erreferentziazko prezioa, berriz, 100 euro/MWh-tik gorakoa da gaur egun —Europan erreferentzia den Herbehereetako TTFren kasuan bezala—.

Merkatu elektrikoaren egungo konfigurazioan, gasak elektrizitatearen prezio globala zehazten du, ekoizle guztiek prezio bera jasotzen baitute produktu beragatik, elektrizitatea sarean sartzen denean.

Espainiako eta Portugalgo gobernuek aldi berean onartu dute neurria, Europako Kontseiluak bi herrialdeek energiaren prezio garestiei aurre egiteko duten zailtasuna onartu eta bi hilabetera.

Araua Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean. Litekeena da bihar edo astelehenean argitaratzea. Hala ere, EBren behin betiko onarpenaren mende dago, eta litekeena da, Riberak zehaztu duenez, astebete edo hamar egun atzeratzea erabat indarrean sartzeko. Beraz, ordura arte ez da doikuntzarik egingo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea Gas naturala