Ekonomia -
LAN GATAZKA
Aurreakordioa itxi dute Irizar E-Mobilityko zuzendaritzak eta lan-batzordeak, 19 egunez greban egon ondoren
Lan-batzordeak agiri batean jakitera eman duenez, orain, langileek babestu beharko dute aurreakordioa, asanbladan. Harik eta, behin betiko akordioa izenpetu arte, grebari eustea erabaki dute.
EITB EUS
Adunako Irizar E-Mobility enpresan lehertutako lan-gatazka amaitzear egon daiteke, atzo zuzendaritzak eta lan-batzordeak lan-hitzarmenaren inguruan aurreakordioa itxi ondoren. Irizar kooperatiba taldekoa da E-mobility, eta 19 egun daramatzate greban bertako langileek, talde osoko "lan-baldintzak berdintzearen alde".
Lan-batzordeak agiri batean adierazi duenez, orain arte lortutakoa "oso positiboa" da, eta "gatazka desblokeatzea" lortu badute ere, harik eta behin betiko ituna izenpetu arte, lanuzteari eutsiko diote.
Hori bai, gaur arratsalderako Andoainen deituta zuten manifestazioa bertan behera utzi dute, eta horren ordez, bilera-informatiboa egin dute toki eta ordu berean, 17:30ean, Goiko plazan.
Era berean, gaur gaueko elkartasun-jaialdia bere horretan mantenduko dute, Andoainen bertan, eta aurreikusita bezala, bildutako dirua Alconza enpresako langileentzat izango da. Irizar taldekoa da Berangon dagoen lantegi hori ere, eta hango langileak greba mugagabean daude.