Ekonomia -

Food 4 Future

BECek nekazaritzako elikagaien industriako 7.000 profesional baino gehiago hartuko ditu ostegunera arte

Biltzarreko lehen egunak elikagaien ekoizpen adimenduna ardatz izan du. Bigarren egunean, jasangarritasunari nola heldu ikusiko dute; eta hirugarren eta azken egunean, osasun eta segurtasuna aztertuko dituzte teknologia berriak erabiliz.

Food 4 Future bigarren edizioa. Argazkia: EFE
Food 4 Future bigarren edizioa. Argazkia: EFE
Food 4 Future bigarren edizioa. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbao Exhibition Centrek (BEC) Food 4 Future bigarren edizioa hartuko du ostegunera arte. Nekazaritzako elikagaien industriako 283 erakusketari eta 30 herrialdetako 7.000 profesional baino gehiago biltzea espero du ekitaldiak.

"The Foodtech Revolution" lelopean, Euskadi nazioarte mailan elikaduraren berrikuntza gune bilakatu nahi du biltzarrak, eta profesionalei berrikuntza bultzatzeko aukera eman.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, elikadura sektorea eraldatzen ari diren berrikuntzak eta tresnak erakutsiko ditu Food 4 Futurek, baita industria seguru, jasangarri eta osasuntsuago bat lortzeko teknologia aplikazio arrakastatsuak ere.

Erakusketariek elikagai eta edari sektoreko profesionalei azken nobedade teknologikoak eta produktuak aurkeztuko dizkiete, industriaren balio kate osoa "modernizatzen eta digitalizatzen laguntzeko".

Gainera, nazioarteko 386 adituk Food 4 Future World Summiten parte hartuko dute, Europako elikadura biltzar handiena, sektoreko erronken inguruan eztabaidatzeko, esparru guztietan: haragi, arrantza, esnekiak, olio industria, nekazaritza, laboreak, kontserbak eta edariak.

Argazkia: EFE

Biltzarreko lehen egunak elikagaien ekoizpen adimenduna ardatz izan du, arrantza zein haragi industrian.

Bigarren egunean, jasangarritasunari nola heldu ikusiko dute, osagai eta proteina iturri berriak aztertuz, gizarte jasangarriagoak lortzeko kontsumo eta dieta ereduak alda ditzaketelako. Era berean, hondakinak, isuriak eta plastikoen erabilera murriztea aztertuko dute, packaging berrien aurkezpenarekin.

Hirugarren eta azken egunean, osasun eta segurtasuna aztertuko dituzte teknologia berriak erabiliz. Besteak beste, Mugaritz jatetxeko Andoni Luis Aduriz, Angulas Aguinagako Ignacio Muñoz, Coca Colako Carmen Gomez-Acebo eta Carrefourreko Ricardo Fernandezek hartuko dute hitza.

Erakusleihoaz gain, euskal enpresa publikoek dibulgaziorako tokia izango dute. Horrela, hitzaldiak emango dituzte hiru egunetan zehar. Besteak beste, Neiker, Hazi eta Elikako adituek datu zientziaren aplikazioa nekazaritzan, jasangarritasuna, karbono-aztarnaren murrizketa, kontsumitzaileen beharrizan berrien azterketa, biosentsoreen teknologia eta inteligentzia artifizialeko aplikazioak mintzagai izango dituzte.

Bestalde, Bilboko Udalak azpimarratu duenez, hiria "foodtecharen munduko hiriburu" bihurtuko da aste honetan, eta foroak 14 milioiko eragin ekonomikoa izango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gastronomia Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Bilbao Exhibition Centre Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Elikadura osasungarria albisteak Nekazaritza Jatetxeak albisteak gaur