Ekonomia -

SIEMENS GAMESA

Siemens Gamesak "Euskal Herrian dituen operazio guztiak" mantenduko dituela ziurtatu du Siemens Energyk

Christian Bruch konpainia alemaniarraren kontseilari ordezkariak adierazi duenez, "alde guztiei egingo die mesede" bat-egiteak. Egoitzak lekuz aldatzeko asmorik, oraingoz, "agendan ez" badute ere, Bruchek aitortu du "negozioarentzat egitura eraginkor bat eratzea" beharrezkoa dela.

Siemens Gamesak Zamudion duen egoitza.
Siemens Gamesak Zamudion duen egoitza.
Siemens Gamesak Zamudion duen egoitza.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siemens Gamesa Renewable Energyren akzio guztiak bereganatzeko eskaintza publikoa egin du Siemens Energyk. Larunbatean jakinarazi zuen berria. Akzioen % 32,9 bereganatzea falta zitzaion konpainia alemaniarrari Gamesaren jabetza osoa izateko — egun, % 67 du jabetzan —; beraz, operazio honekin, osorik berea litzateke. Gaur goizean eman ditu operazioaren xehetasunak Christian Bruch konpainia alemaniarraren kontseilari ordezkariak, telematikoki eskaini duen prentsaurrekoan. Ziurtatu duenez, Siemens Gamesak Euskal Herrian martxan dituen operazio guztiei eustea da euren asmoa, eta Espainiak "Siemens Energyren baitan ezinbesteko eginkizuna" izaten jarraituko duela zehaztu du.

Hala, bat-egiteak alde guztiei egingo diela mesede adierazi du zuzendaritzak: "hornitzaileak, bezeroak, akziodunak, langileak eta gizarte osoa", denak aterako direla irabazten esan du. Erosketa osatzeko epeen berri ere eman du agerraldian, eta 2022 amaierako prozesua amaituta egongo delakoan dago.

Egoitzak lekuz aldatzeko asmorik, oraingoz, "agendan ez" badute ere, Bruchek aitortu du "negozioarentzat egitura eraginkor bat eratzea" beharrezkoa dela, bezeroari "zerbitzu hobeagoa" eskaintzeko eta "bikaintasuna" lortzeko. Hori bai, argitu du zergak "lan egiten den herrialdean bertan" ordaintzen jarraituko dutela, eta beraz, "irabaziak lortzen dituzten lekuan" mantenduko dutela dagokion egoitza fiskala. "Espainian dugun presentziari eusteko konpromiso osoa dugu", gehitu du.

3.000 langile inguru ditu Siemens Gamesak Hego Euskal Herrian dituen lantokietan — Zamudion, Mungian, Asteasun, Sarrigurenen eta Arazurin —, eta Siemens Energyko goi-arduradunak ziurtatu duenez, eskuartean duten planak ez die eragingo. "Proiektuen kudeaketarekin zerikusia duten ohiko arazoak dira ikusten ari garenak, eta ez sektoreari lotutakoak. Gure planak ez dio plantillari eragingo. Estragegia bateratu baten bidez, taldea hazten laguntzea nahi dugu", esan du Bruchek. Sindikatuek eta alderdi politikoek ez dute hori hain argi.

Bestalde, lurreko energia eolikoaren ekoizpenari eusteko borondatea agertu du, hori baita, bere hitzetan, Siemens Gamesaren "oinarria". "Offshore deritzon (itsasoan, kostaldetik urrun dauden azpiegiturak) ekoizpenak baino merkartu zabalagoa du lurrekoak, baina hobeto kudeatu behar dugu", zehaztu du. Kostuen sinergietan jarri du azpimarra, beste behin, Bruchek.

Jarraipen batzordea

Bere aldetik, Siemens Gamesako administrazio kontseiluak gaur iragarri du jarraipen batzorde bat eratuko dutela, eskaintza publikoa aztertzeko eta aurrera begirako urratsak erabakitzeko. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari eman dio, dagoeneko, horren berri.

Jarraipen batzordea, besteak beste, Gloria Hernandez, Francisco Belil, Harald von Heynitz eta Rudolf Krämmer kontseilari independenteek osatuko dute. Eskaintzaren baldintzak eta xehetasun guztiak aztertzea izango da horien egitekoa, eta legeak hala eskatzen duenean, txostena kaleratuko dute, prozesuaz duten iritzia azalduz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Lana Alemania Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zamudio Sindikatuak