Ekonomia -
Enplegu publikoa
Administrazio Orokorrean eskainiko dituen 3.100 lanpostuen xehetasunak emango ditu gaur Jaurlaritzak
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egingo du eguerdian deialdiaren ingurukoak argitzeko. Sindikatuei aurreratutakoaren arabera, lanpostuen % 60 meritu bidez esleituko dituzte, eta gainerakoa, ohiko lehiaketa bitartez.
EITB Media
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Administrazio Orokorrean Eusko Jaurlaritzak bete asmo dituen 3.108 lanpostuen eskaintzaren nondik norakoak argituko ditu gaur.
Garamendi gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoan azalduko da, Bingen Zupiria bozeramailearekin batera. Maiatzaren 5ean sindikatuei jakinarazi zienez, 3.100 plaza pasatxo horien erdiak baino gehiago merezimendu lehiaketaren modalitatean eskainiko dira, eta gainerakoak oposizio-lehiaketaren modalitatean.
Lehen kasuan, merezimenduak soilik baloratuko dituzte, besteak beste, administrazioan lanean emandako urteak eta prestakuntza profesionala eta akademikoa.
Horrez gain, beste eskaintza baten berri ere emango du Garamendik, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei bideratutakoak, hain justu. Hau da, idazkariak, kontu hartzaileak eta udal diruzainak.
Deialdiok Europak galdegindako eta 'Iceta legeak' ezarritako egonkortze prozesuari dagozkie, eta Jaurlaritzako beste sail batzuek eskainitakoei batuko zaizkie. Hezkuntza Sailak, esaterako, 6.300 lanpostu aterako ditu, eta Osasun Sailak, beste 3.000.
Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak egonkortu asmo duen lanpostu kopuruaren berri emango du. Aurreratu dutenez, 200 bat izan daitezke.
Nafarroako Gobernuak ere atzo jakinarazi zituen Osasun, Hezkuntza eta Administrazio kontseilaritzetan egingo dituen lan eskaintza publikoen xehetasunak. 3.589 lanpostu izango dira denera. Plaza horietatik, 2.890 (% 80,5) merezimenduzko lehiaketaren bidez esleituko dituzte, eta gainerakoak (699), lehiaketa-oposizio bitartez.