Itxi

Ekonomia

SIEMENS GAMESA

Siemens Energyk irailean aurkeztuko du Siemens Gamesa beraganatzeko eskaintza publikoa

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Aurreikusitako egutegiaren arabera, urrian jakinaraziko lukete eskaintza publikoaren emaitza eta azaroan egingo litzateke Siemens Gamesa burtsatik kanpo uzteko akziodunen batzar nagusia. Bestalde, Siemens Energyk iragarri du zuzendaritza postuak % 30ean murriztuko dituela.

01:20
Siemens Energy. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia.

Siemens Energyk jakinarazi du irailean aurkeztuko duela Siemens Gamesa osorik bereganatzeko eskaintza publikoa eta azaroan egingo dutela konpainia filiala burtsatik kanpo uzteko akziodunen batzar nagusia.

Siemens Energyk gaur azaldu ditu bere asmoak eta Siemens Gamesa berenganatzeko eskaintza publikoa gauzatzeko egutegia aurkeztu du. Aurrez, baina, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren oniritzia jaso beharko du.

Siemens Energyk maiatzaren 21ean iragarri zuen Siemens Gamesa bereganatzeko asmoa eta orain hilabeteko epea dauka prozesua abiatzeko eskaria egiteko eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren baimena jasotzeko.

Hurrengo urratsa irailean emango dute eta Siemens Gamesak 15-70 eguneko epea izango luke eskaintza onartzen duen ala ez erabakitzeko.

Aurreikusitako egutegiaren arabera, urrian jakinaraziko lukete emaitza eta azaroan deituko lukete Siemens Gamesa burtsatik kanpo uzteko akziodunen batzar nagusia.  

Siemens Energyk uste du prozesu guztia 2022ko bukaeran gauzatuta egongo dela.

Zuzendaritza postuak % 30 murriztuko dituzte

Bestalde, Siemens Energyk enpresa berregituratzeko asmoa iragarri du, besteak beste, zuzendaritza postuak % 30 murriztuta eta hierarkiak gutxituta. Halaber, gasaren eta elektrizitatearen negozioa hiru arlotan egituratuko du datorren urritik aurrera.

Siemens Energyren egitura berriak hiru jarduera eremu aurreikusten ditu gasaren eta elektrizitatearen esparruan: gas zerbitzuak, zentral elektrikoetako turbinen eta zerbitzuen negozio tradizionala biltzen duena; sare teknologiak, elektrizitatearen transmisioa eta biltegiratzea barne hartzen duena, eta industriaren transformazio arloa, uraren elektrolisiaren eta beste aplikazio industrial batzuen negozioa bilduko duena.

Berregituraketa horren bidez, Siemens Energyk enpresaren egiturari konplexutasuna kendu nahi dio, hierarkia sinpleagoak sortu, erabakiak hartzeko prozesuak laburtu eta langileen erantzukizun indibiduala indartu.

Siemens Gamesak datozen urteetarako estrategiaren berri eman du inbertsoreekin eta analistekin Alemanian gaur egin duen bilera batean. Christian Bruch konpainia alemaniarraren kontseilari ordezkariak azaldu duenez, "azkarragoak eta malguagoak" izan nahi dute eta "bezeroengana bideratuagoak" egon.

Siemens Energyk bere gastuak 350 milioi euro murriztu ditu lehen seihilekoan.

Konpainia enpresa-batzordearekin harremanetan jartzea espero du Urkulluk

Iñigo Urkullu lehendakariak "kezka" onartu du, Euskadin errotua dagoen enpresa bakoitzarengatik, eta batez ere, erosteko eskaintza jaso duten horiengatik, Siemens Gamesaren kasua.

"Eusko Jaurlaritzan, Siemens Gamesarekin harremanetan gaude egunotan, eta Siemens Energyrekin ere hitz egitea espero dut", esan du. Zentzu horretan, konpainia enpresa-batzordearekin kontaktuan jartzea nahi du agintariak.

"Siemens Energyko edo Siemens Gamesako ordezkariek publikoki esan dutenaz haratago", elkarrizketen inguruko xehetasun gehiagorik emango ez duela zehaztu ondoren, hitz egiten ari direla errepikatu du lehendakariak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena