Ekonomia -
ENPLEGU PUBLIKOA
Espainiako Gobernuak 44.787 lanpostuko lan eskaintza publikoa onartu du
Eskaintza horiek aurtengo abendua baino lehen deitu beharko dira, prozesuak eta esleitutako plazak 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaituta egon daitezen.
EITB MEDIA
Espainiako Gobernuak "inoizko lan eskaintza publikorik handiena" onartu du, eta, horren bidez, 44.787 lanpostu eskainiko ditu aurten, politika publikoak indartzeko helburuz.
Maria Jesus Montero Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak azaldu duenez, Ministroen Kontseiluak lan eskaintza publiko hau onartu du astearte honetan, 34.151 plaza arruntekin, eta horiei aldi baterako enplegua egonkortzeko planeko 10.637 plazak gehitu zaizkie.
Monterok azaldu duenez, ohiko lan eskaintzaren barruan, 15.800 plaza sarbide librekoak izango dira eta 9.591 barne sustapenekoak, eta Gobernuaren helburua urtea amaitu aurretik onartuta egotea da.
Egonkortze-planeko 10.637 plazetatik, 4.692 Estatuko Administrazio Orokorrarentzat izango dira eta 5.945 Justiziako langileentzat.
Plan horren arabera, behin-behinekotasun publikoari aurre egiteko, "2022ko ekaina baino lehen administrazio guztiok argitaratu behar ditugu aldi baterako enplegua egonkortzeko eskaintza publikoak, ez bakarrik Estatuko Administrazio Orokorrak, baita autonomia-erkidegoek eta udalek ere", esan du Monterok.
Halaber, eskaintza horiek aurtengo abendua baino lehen deitu beharko dira, prozesuak eta esleitutako plazak 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaituta egon daitezen, gaineratu duenez.