Ekonomia -
Azpiegiturak
Errekaldeko saihesbidearen proiektua aztertzen hasi dira
Bilboko auzoan, A-8 autobiaren zubibidea eraitsi ahal izateko beharrezko azpiegitura da. Proiektu "konplexua" da, eta amaitzeko bederatzi urte eta erdi inguru beharko dituzte.
Agentziak | EiTB Media
Errekaldeko saihesbidearen proiektu konstruktiboa "ongi prestatzeko", aldez aurretiko azterketak egiten hasi da Bizkaiko Foru Aldundia. Bilboko auzoan, A-8 autobiaren zubibidea behera bota ahal izateko beharrezko azpiegitura da. Proiektu "konplexua" da, eta amaitzeko bederatzi urte eta erdi inguru beharko dituzte.
Errekaldeko bizilagunek urteetan zehar aldarrikatutako azpiegituraren inguruko datu batzuk zehaztu ditu Imanol Pradales Ekonomia Garapenerako foru diputatuak, Bizkaiko Batzar Nagusiaren kontrol saioan, EH Bilduk eta PPk eskatuta.
Raul Mendez EH Bilduko ordezkariak eta Eduardo Andrade PPko batzarkideak proiektu honi, beste batzuei bezala, "lehentasuna" ematea eskatu dute.
Mendezen ahotan, "Bilboko hiri-antolamenduko plan orokorra onartzearekin batera, ez dago aitzakiarik" aurrera ez eramateko.
Andradek aurpegiratu duenez, "urte gehiegi pasa dira promesak bete gabe", eta zubibidea behera botatzeak "lehentasuna izan behar du".
Pradalesen hitzaldia bertatik bertara jarraitu dute Errekaldeko bizilagun batzuek, Batzar-etxean. Bilboko Udalak hiri-antolamenduko plan orokorra behin onartuta, Aldundia "informazio geotekniko, urbanistiko, ingurumen eta funtzionala aztertzen hasi da dagoeneko, eraikuntza proiektua lizitatu ahal izateko, puntu kritikoak identifikatzeko".
Sei hilabeteko lana
Nabarmendu duenez, horretarako, sei hilabete beharko dituzte, eta ondoren proiektu konstruktiboa kontratatu beharko dute.
Saihesbidearen eraikuntza eta zubibidea eraistea proiektu "konplexuak" direla errepikatu du Pradalesek. Horregatik, tramitazioak denbora luzea beharko du, egitasmo "oso handia" delako, A-8 autobian eta hirigintzan eragina izango duelako, baita ingurumenean ere; izan ere, tunel bat eraiki behar da.
Saihesbidearen proiektu konstruktiboa egiteko, aldez aurretik azterketak egin behar direla azpimarratu du agintariak; proiektu konstruktiboaren lizitazio-agiria prestatu, kontratatu eta egin behar da. Horretarako, 48 hilabeteko lana dute aurretik.
Ondoren, saihesbidea eraiki eta zubibidea eraitsi behar da. Lanen lizitazio, kontratazio eta exekuzioa aurrera eramateko beste 68 hilabete beharko dituzte. Guztira, "116 hilabeteko lan etengabe eta iraunkorra", erantsi duenez.