Ekonomia -
ERREGAIA
Gasolinaren prezioak goia jo du berriro; dieselak behera egin du baina EBn baino garestiagoa da oraindik
Gasolina litroaren batez besteko prezioa bosgarren aldiz igo da Aste Santuaren ondoren, eta 1,94 euroko maximo historikoan kokatu da. Diesela bigarrenez jaitsi da, baina erregaiengatik ordaintzen dugun batez besteko prezioak gora egiten jarraitzen du, oro har, gasolindegi guztietan.
EITB MEDIA
Bi astez gora eta gora ibili ondotik, sekula ikusi gabeko kopuruetara iritsi da gasolina. Euskadin litroa 1,99 euro ordaintzen da gaur gaurkoz, eta Espainiako Estatuan 1,94 euro. Dieselak, berriz, jaisten jarraitzen duen arren, Euskadin 1,87 euroan dago litroa, eta Estatuko gainerako lekuetan 1,83an.
Erregaiengatik ordaintzen dugun batez besteko prezioak gora egiten jarraitzen du gasolindegi guztietan, nahiz eta petrolioak behera egin eta Espainiako Gobernuak erregai-litro bakoitzeko 20 zentimoko hobaria indarrean jarri.
Prezio horiekin gaur gaurkoz 55 litroko batez besteko depositu bat gasolinaz betetzeak 96 euroko kostua du, eta, gasolioarekin, berriz, 91 eurokoa. Hau da, 2022 urte hasieran baino 15 euro gehiago ordaintzen dugu gasolina, eta 17 euro gasolioa.
Joera goranzkoa izaten jarraitzen du gasolinaren kasuan, eta beheranzkoa dieselean. Zehazki, gasolina litroaren batez besteko prezioak Aste Santuaren osteko bosgarren igoera izan du jarraian, eta 1,94 euroko maximo historikoan kokatu da Espainiako Estatuan, Europar Batasuneko Petrolio Buletinaren (EB) datuen arabera.
Gasolioaren batez besteko prezioa, berriz, % 1,06 jaitsi da aste honetan aurrekoaren aldean, eta litroa 1,86 eurotan dago egun. Bigarren egunez egin du behera.
Gasolinaren prezioa % 18 igo da urtea hasi zenetik, eta gasolioarena % 24 garestitu da.