Ekonomia -
Lan-istripua Nafarroan
58 urteko langile bat hil da Garesen, aldamiotik erori eta egun gutxira
LABen arabera, 31 langile hil dira Euskal Herrian, sei Nafarroan, 2022an lan-istripuz dagoeneko; horietatik zazpi altueretatik erorita.
EiTB Media
Iragan astelehenean, maiatzaren 30ean, Garesen (Nafarroa) istripu larria izan zuen langile bat ostegunean hil zen. 58 urteko langilea, eraikin bateko eraberritze lanetan ziharduela, aldamiotik erori zen, LAB sindikatuak ohar batean jakitera eman duenez.
LABen arabera, 31 langile hil dira Euskal Herrian, sei Nafarroan, 2022an lan-istripuz dagoeneko; horietatik zazpi altueretatik erorita.
"Kezkagarria da Gares erdian egiten ari den obra batean segurtasun neurriak betetzen ez dituen aldamio bat nola egon daitekeen, babes perimetralik gabekoa", kritikatu du sindikatuak.
"Kapitalismoak eragindako beste lan heriotza bat, beste familia bat birrindurik, eta beste drama sozial bat", salatu du sindikatu abertzaleak. "Gutako edonori gerta dakioke, goizean lanera joateko jaiki eta ez itzultzea", erantsi duenez.
"Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek saihesgarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak beteko balira", gogorarazi du.
LABen hitzetan, "bistan da benetako neurriak hartzen ez diren bitartean odol isuria ez dela etengo". Azkenik, sindikatuak Nafarroako Gobernuari beharrezko baliabideak jartzea eskatu dio, patronalari lan osasunerako neurriak betearazteko.