Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
Garamendik ziurtatu du behin-behinekotasun tasa % 8tik behera jaitsiko dela egonkortze prozesuan
Gainera, euskara profilen eskakizuna "euskararen normalkuntzarako araudiaren ondorio da, ez da orain martxan jarritako zerbait, dagoeneko existitzen ziren perfilak dira, eta orain ateratzen ari direnak".
Iker Gonzalez | eitb media
Olatz Garamendik Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak ziurtatu egin du Jaurlaritzak martxan jarritako egonkortze prozesuak % 8tik behera jaitsiko duela behin-behinekotasun tasa Administrazioan eta langile publikoen artean.
Garamendi Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean izan da, Elkarrekin Podemos-IUk eskatuta, Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoa sendotzeko EPEaren inguruan dituen asmoei buruz.
Hala, bitarteko langileen tasa murrizteko eta langileen enplegua sendotze bidean bere Sailaren konpromisoa eta lana azpimarratu du Garamendik. "Ezin dugu galtzen utzi langile publikoen esperientzia eta ezagutza, zaindu beharreko ondarea da, eta belaunaldien arteko ordezkapenaren gakoetako bat", adierazi du.
Oposizioak egonkortze prozesuko hizkuntza profilaren eskakizuna kritikatu du eta, gainera, zalantzak adierazi ditu behin-behinekotasun tasa % 8tik behera jaitsiko ote den, legeak ezartzen duen moduan.
Elkarrekin-Podemosen iritzian, prozesu honek "jende asko utziko du kanpoan", "ez duzue izan beharrezkoa zen malgutasuna euskararen erabilera sustatu eta administrazioan zerbitzu izaera izatea uztartzeko". "Gure ustean, malguak izateko aukera legoke, euskararen inguruko itunak hautsi barik", esan du Jon Hernandezek.
Pazis Garciak (EH Bildu) adierazi du koalizioa sindikatuekin bat datorrela, eta "ahalik eta jende gehien sartu behar dela".
Euskararen inguruan, EH Bilduk esan du Administrazio publikoan euskara ezinbestekoa dela, "lanpostuan duen perfilaren araberakoa, herritarrok arreta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzeko". Horren ildotik, EH Bilduren ustean, "ezohiko prozesu hauek ezin dute suposatu euskararekiko inolako atzerapausorik".
Bestalde, Carmelo Barriok (PP) kritikatu egin du "euskara mailen eskakizun handia, orain arte eskakizun hori izan ez duten behin behineko funtzionarioen kasuan; beharrezkoa da analisia egitea", gaineratu du.
PSE-EEren izenean Miren Gallasteguik esan duenez, "behin-behinekotasuna euskal Administrazioan oso altua da, eta behin-behinekotasunaren gehiegikeriak onargarria ez den mailara heldu dira. Sailburuak dio behin-behinekotasun hori % 8tik behera jaitsiko dela, espero dugu hala izatea". "Autonomia erkidegoek zeresan handia izan dute behin-behinekotasun tasa horietara heltzeko. Hizkuntzaren eskakizuna lanpostu zehatzaren araberakoa izan behar da", ziurtatu du.
Sailburuak erantzunean adierazi duenaren arabera, "behin-behineko lanpostu batera heltzen denean, dagokion perfila eskatzen zaio, gero hainbat urte ematen dira formakuntza egiteko" eta "behin-behineko funtzionarioak derrigortasun data horren jakitun dira".
Halaber, euskara perfilen eskakizuna "euskararen normalkuntzarako araudiaren ondorio da, ez da orain martxan jarritako zerbait, dagoeneko existitzen ziren perfilak dira, eta orain ateratzen ari direnak".
Bi bide lanpostuetara aurkezteko
Sailburuak azpimarratu du hautagai bakoitzak bi bide dituela eskainitako plazak eskuratzeko: salbuespenezko bidea edo merezimendu-lehiaketa eta lehiaketa berezia edo oposizio-lehiaketa. Pertsona bakoitzak aukera dezake prozesu mota bakar batean parte hartzea edo bietan parte hartzea, betiere eskatutako baldintzak betetzen baditu. % 60 pasatxo kontsolidazio prozesu bereziaren bidez ebatziko da, eta gainerakoa prozesu bereziaren bidez. Plaza guztiak urtea amaitu baino lehen deituko dira, dagokion negoziazio sindikalaren ondoren.
"Hala ere, aldi berean enplegu eskaintza gehiago onartu ahal izango ditugu, birjarpen-tasa aplikatuta", Garamendik azaldu duenez. Agerraldian, berarekin batera, José María Armentia eta Jon Agirre Funtzio Publikoko sailburuordea eta Lan Harremanetako zuzendaria izan dira, hurrenez hurren.