Ekonomia -

Krisia Espainian

Arrisku sariak 500 puntuko muga gainditu du lehen aldiz

Grezia, Irlanda eta Portugal muga hori gainditu zutenean erreskatatu zituzten. Burtsa, maila baxuenean 2003ko ekainetik.

Espainiako arrisku saria 507 puntutara iritsi da. EFE
Espainiako arrisku saria 507 puntutara iritsi da. EFE
Espainiako arrisku saria 507 puntutara iritsi da. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako arrisku sariak 500 puntuko muga gainditu du, euroa sortu zenetik marka berria ezarrita. Kausak, Greziak hauteskundeak deitu eta eurogunetik ateratzeko arriskua areagotu izana, eta Espainiako finantza sektoreak higiezinen harira egin beharko dituen esfortzu berriak.

Aipatzekoa da Grezia, Irlanda eta Portugal 500 puntuko muga gainditu zutenean erreskatatu zituztela.

Gaur, Espainiaren 10 urterako bonoen interesak % 6,508ra igo dira, atzoko saioa % 6,322an bukatu eta gero.

Alemaniako bonoaren errentagarritasuna, berriz, % 1,437koa da, hau da, jaitsi egin da, atzo % 1,469koa izan baitzen.

Bi herrialdeon bonoen arteko aldeak ezartzen du, hain zuzen ere, arrisku saria.

Espainiako arrisku sariak atzo ere ezarri zuen marka berria, Greziak berriro ere hauteskundeak deitu beharko dituela jakin eta gero.

Greziaren arrisku saria 2.789 puntutan dago, Italiakoa 457 puntutan, eta Portugalgoa 1.025etan.

Burtsa ere aldapan behera

Espainiako burtsak ere zenbaki gorritan hasi du saioa. Hori horrela, 09:00etan % 1,15 egin du behera, 6.623 puntutara jaitsita, hots, 2003ko ekainetik izandako maila baxuenera.

Aurten, Ibex 35 adierazlea % 22,69 jaitsi da.

Galera handienak Bankiak izan ditu, % 6,07 jaisten ari baita. Urtea hasi zenetik, burtsan zuen balioaren % 51 galdu du.

Bestalde, Santander % 1,78 jaisten ari da, Inditex, % 1,23; BBVA % 1,36; Iberdrola % 1,20; Repsol % 1,29; Telefonica % 0,89 eta Endesa % 0,88.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea