Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Europako arazo eta ilarak ez dira Euskadin igartzen ari, EAEko aireportuetako zuzendarien hitzetan

Ivan Grande Bilboko aireportuaren zuzendariak azaldu duenez, Espainiako Estatuan pandemia garaian aplikatu ziren aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteak "langileak azkar errekuperatzeko bermea" izan dira, eta horiei esker, ez da pertsonal faltaren arazorik izan.

Ezkerretik eskuinera, Sanchez (Hondarribia), Grande (Bilbo) eta Llarena (Foronda). EITB Media
Ezkerretik eskuinera, Sanchez (Hondarribia), Grande (Bilbo) eta Llarena (Foronda).
Ezkerretik eskuinera, Sanchez (Hondarribia), Grande (Bilbo) eta Llarena (Foronda). EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ivan Grande, Begoña Llarena eta Jose Manuel Sanchez, hurrenez hurren, Bilboko, Foronda-Gasteizko eta Donostia-Hondarribiko aireportuetako zuzendarien esanetan, Europako beste herrialde batzuetako aireportuetan, bereziki Erresuma Batuan, pertsonal faltagatik izaten ari diren arazo, ilara eta atzerapenak ez dira EAEkoetan igartzen ari.

Ivan Grande Bizkaiko aerodromoko zuzendariak zehaztu duenez, "AENAko aireportu-sarean ez zen inor kaleratu pandemiaren garaian, eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak aplikatu zituzten konpainiek. Horregatik, oso arin berreskuratu ahal izan dituzte langileak eta ez dute arazorik alde horretatik". Ildo beretik, Jose Manuel Sanchez Gipuzkoako aireportuko arduradunak jakinarazi du uztailean London Cityrekin ibilbide bat hasiko dutela; hegazkin-konpainiarekin hizketan dira eta ez dute gorabeherarik aurreikusten. Begoña Llarenaren (Foronda) arabera, ez dute normalean Erresuma Batura hegaldirik eskaintzen, Aste Santuan gutxi batzuk programatu zituzten, halere, baina "ez zen arazorik egon eta joera horri eusten zaiola dirudi".

Radio Euskadiren "Boulevard" saioan hirurei egindako elkarrizketa batean, udako aurreikuspenen inguruan ere mintzatu dira Grande, Llarena eta Sanchez. Diotenez, itxaropentsu daude pandemia aurreko datuetara itzultzearen inguruan. Dena dela, "ziurgabetasun ekonomikoak" izan ditzakeen ondorioez ohartarazi dute.

Bilboko aireportuak, esaterako, "aurreikuspen oso onak" ditu, "batez ere abuzturako eta irailerako". 2022ko bidaiari kopurua 2019 izandakoekin "oso parekatu" izango dela uste dute. Apirilean, 440.000 bidaiarik erabili zuten Loiuko aireportua (pandemia aurreko datuekin alderatuta, % 90eko errekuperazioa), Granderen arabera. Negozio hegaldiei dagokionez, "horiek ez dira berreskuratu", eta gehiago kostatzen ari da, batez ere Alemania, Paris edo Madrilgo lineatan. 

Donostia-Hondarribiako aireportuan, "pozik eta harrituta" daude, "historiako hegaldi-eskaintzarik handienak" izan duen harrerarekin. Jose Manuel Sanchezek nabarmendu du, bi hilabete daramatzatela 30.000 bidaiariko kopurutan eta aire-bide gehiago ezartzeko lanean ari direla. 

Bestalde, Begoña Llarena Foronda-Gasteizko Aireportuko zuzendariak 2022ko apirileko datu onak nabarmendu ditu, 2019ko datuekin alderatuta % 3ko hazkundea izan baitute. Udari "baikortasunez" begiratzen diotela dio, nahiz eta "zuhurrago" agertu diren irailetik aurrera gerta daitekeenagatik, inflazio handiak, erregaiaren prezioek eta abarrek eragin dezaketen "ziurgabetasun ekonomikoagatik", alegia. Era behera, gogorarazi du pandemiak "agerian utzi" zuela, "karga-aireontzien eta merkantzien garrantzia", osasun-materiala garraiatzeko ezinbesteko izan zirelako. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilbo Donostia Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Hondarribia Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Kontsumoa Gasteizko Aireportua Hondarribiko aireportua