Ekonomia -
Bilboko Udaltzaingoa
Bilboko udaltzainek protestak baztertu dituzte oraingoz, negoziazioan izan diren aurrerapenen ondorioz
Bilboko Udalak, langileen eskaerei entzun eta atzera bota du taldea bost txandatan antolatzeko proposamena. Hala, asteburu eta gauetako polizia eskasiari buelta emateko beste irtenbide batzuek bilatzeari ekin diote bi aldeek.
EITB Media
Bilboko udaltzainek bertan behera utzi dituzte, oraingoz, lan-baldintzen aldaketen harira abiatutako protesta ekimenak. Izan ere, Udalarekin martxan dauden negoziazioetan aurrerapauso garrantzitsuak eman direla uste dute sindikatuek, besteak beste, taldea bost txandatan antolatzeko proposamena atzera bota baitu Bilboko Udalak.
Horregatik, baztertu egin dute joan den maiatzaren 26koaren gisako mobilizaziorik egitea.
Udalak zazpi txandatik bostera aldatu nahi zuen Bilboko udaltzainen egutegia, Ordutegi horrekin antolatzen dira, esaterako, Ertzaintza eta beste udaltzain talde batzuk. Aste barruko egunetatik poliziak kenduta, asteburu eta gauak indartzea zen aldaketa horren xedea.
Langileak, baina, ez zeuden aldaketa horrekin ados, besteak beste atzerapausoa ekarriko lukeelako lana eta familiaren kontziliazioari dagokionez, gauez eta asteburuetan ordu gehiago egin beharko lituzketelako.
Aukera hori behin-behinean baztertuta, asteburu eta gauetako polizia eskasiari buelta emateko beste irtenbide batzuek bilatzeari ekin diote bi aldeek.