Ekonomia -
Kutsadura
Europako Parlamentuak 2035ean gasolina autoen salmenta debekatzea babestu du
Ekimena EBko Estatu kideekin negoziatu behar dute oraindik. Ekainaren 29ko Ingurumen ministro kontseiluan, Luxenburgon, herrialdeek gaiaz eztabaidatzea espero da.
Agentziak | EiTB Media
Europako Batzordeak errekuntzako autoak eta furgonetak 2035ean saltzeari uztea proposatu zuen. Europako Parlamentuak proposamena babestu du asteazken honetan, Estrasburgon. Hala ere, ekimena EBko Estatu kideekin negoziatu behar dute oraindik.
2035ean zero isuriko ibilgailu berriak soilik merkaturatzeko ekimenak aldeko 339 boto jaso ditu, kontrako 249 eta 24 abstentzio.
Azken negoziazioari begira, eurodiputatuek ibilgailuen isuriak murrizteko bide-orri bat planteatu eta onartu dute: 2025ean % 15eko murrizketa, 2030ean % 55ekoa eta 2035ean % 100ekoa. Furgoneten kasuan, aldiz, % 50eko murrizketa eskatuko dute hamarkadaren amaieran.
Ekainaren 29ko Ingurumen ministro kontseiluan, Luxenburgon, EBko herrialdeek gaiaz eztabaidatzea espero da.
Garraioa CO2 gehien isurtzen duen sektoreetako bat da, EBn. Autoek bakarrik berotegi-efektuko gasen % 12 isurtzen dituzte.
Urteko bigarren seihilekoan Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak negoziazioa abiatuko dute, araudia adosteko. EBko Kontseiluaren presidentetza Txekiar Errepublikaren eskuetan izango da orduan, besteak beste, Skoda auto markaren herrialdea.
Fit for 55
Ibilgailuen karbono dioxidoaren murrizketa Fit for 55 lege sortaren zati txiki bat baino ez da. Helburua 2030ean CO2 isuriak % 55 murriztea da, 1990ekin alderatuta, eta 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzea, bide batez Europar Batasuneko ekoizpen eredua eraldatuz.
Xedeak legalki lotesleak dira dagoeneko, eta Fit for 55 haiek lortzeko bide-orria da. Batzordearen proposamenak, besteak beste, nekazaritza eta itsas garraioa begiz jotzen ditu.
Hala ere, Europar Batasuna deskarbonizatzeko neurri sorta Parlamentuan trabatu da; Europako Batzordearekin eta Kontseiluarekin CO2 isuri merkatuaren erreforma negoziatzeko, jarrera bat adosteko kapaz ez direlako izan.
Europako Alderdi Popularrak azken orduan aurkeztutako zuzenketa bat babestu dute liberalek eta euroeszeptikoek. Sozialdemokratek eta Berdeek, ostera, testuaren aurka bozkatu dute. Era berean, eskuin muturrak eta ezkerrak kontrako boza eman dute.
Europar Batasuneko historian legedia klimatiko garrantzitsuena abian jartzeko lehen pausoa izan behar zuena iskanbilan, imintzio eta akusazioetan bukatu da, Estrasburgoko Ganberan.
Eguerdi aldera, Fit for 55 programako 14 proposamenetatik 8 bozkatzen hasi dira. Bozketa estuak espero ziren, baina ez ETS sistemaren erreforman. Energia kontsumo handia duten 11.000 industria inguruk isuritako karbono dioxidoari prezio jartzen die sistemak. 2005etik EBko politika klimatikoaren funtsezko pieza da.
Aldez aurretik, batzorde parlamentarioan adostu dute testua; errespetatu ohi den pausoa, eta bezperan eztabaidatu zuten Ganberan.
Baina Europako Alderdi Popularrak zuzenketa barneratu du, CO2 doako baimenen desagerpena atzeratzeko. Horrek testua aurrera ez ateratzea ekarri du. Ondorioz, ETSrekin lotuta, beste neurri batzuk atzera bota dituzte.