Ekonomia -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

AFM makina-erreminta klusterra: "Dena gehiago okertzen ez bada hazkunde txiki batekin bukatuko dugu urtea"

Makina-erremintaren nazioarteko azokaren harira, Xabier Ortueta zuzendari nagusiak esan du langile gazteak falta dituztela. Horren esanetan, erretiratzen diren 10 lagun bakoitzeko 7 gazte sartzen dira. Gaineratu duenez, sektoreak ondo ordaintzen du.

Xabier Ortueta AFM makina erreminta klusterreko zuzendari nagusia, BECen. Argazkia: Euskadi Irratia
Xabier Ortueta AFM makina erreminta klusterreko zuzendari nagusia, BECen
Xabier Ortueta AFM makina erreminta klusterreko zuzendari nagusia, BECen. Argazkia: Euskadi Irratia

play icon 20:42

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau urteko etenaren ondotik, gaurtik ostiralera bitartean makina-erremintaren nazioarteko biurteko azoka egiten ari dira BECen. Testuinguru horretan, Xabier Ortueta AFM makina-erremintaren klusterreko zuzendari nagusia elkarrizketatu dute Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Zailtasunak zailtasun, itxaropentsu mintzatu da eta gauzak gehiago okertu ezean, sektoreak urtea hazkunde txiki batekin amaituko duela espero du.

Azokaren garrantzia aipatu du makina-erremintaren klusterreko buruak: batetik, garestiak diren makinak bertatik bertara ikustea ahalbidetzen duelako; bestetik, eremu txikian ekoizle asko kontzentratzen direlako. 

Energia kostuen igoera, mikrotxipen eskasia, garraio arazoak eta Ukrainako gerrak eragindako ondorio ekonomikoak tarteko, sektoreko enpresak kudeaketa mailan arazoak izaten ari direla onartu du Ortuetak. Dena dela, "ari gara gauzak poliki-poliki salbatzen". Unean uneko egoerara moldatu eta jasotako eskari guztiak hitzartutako epeetan eta kostuetan ekoiztera ohitu beharko dutela azpimarratu du makina-erremintako klusterreko buruak.

Enpleguari dagokionez, langile gazteak falta dituztela nabarmendu du. Datu bat eman du gabezia hori agerian uzteko:erretiratzen diren 10 lagun bakoitzeko 7 gazte sartzen dira. Xabier Ortuetaren esanetan, batetik gero eta haur gutxiago jaiotzen dira. Bestetik, industriak gazteak erakartzeko arazoak dituela onartu du eta, ildo horretan, komunikazio aproposa egitea sektorearen ardura dela gaineratu du. Azkenik, emakumeak tailerretan integratzeko beharraz mintzatu da, oraindik ere oso gutxi direla iritzita.

Soldatari lotuta azaldu duenez, makina-erremintaren sektoreak ondo ordaintzen du. Gaineratu duenez, ondo zaintzen dira langileak, ingeniariak, bereziki. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE Bilbao Exhibition Centre Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Irratia euskaraz Enpresen albisteak Industriaren azken ordukoak Azokak gaur