Ekonomia -

Hitzarmena

Asteazken honetan, Lan Harremanen Kontseiluan, biltzea eskatu diote Bizkaiko metalgintzaren sindikatuek FVEMi

ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuek prentsaurrekoa eman dute Barakaldoko BECen kanpoaldean. Ekainaren 23 eta 30erako eta uztailaren 1erako greba deialdiak gogorarazi dituzte.

Bizkaiko metalgintza sektorearen protesta. Irudia: EITB Media
Bizkaiko metalgintza sektorearen protesta. Irudia: EITB Media
Bizkaiko metaleko sindikatuen protesta BECen atarian

0:40

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuek Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioari (FVEM) asteazken honetan Lan Harremanen Kontseiluko egoitzan biltzea eskatu diote, hitzarmena negoziatzen jarraitzeko. Sindikatuen esanetan, patronalaren jarrera "arduragabeak 50.000 langile baino gehiago gatazkara bultzatuko ditu".

Sindikatuek prentsaurrekoa eman dute Barakaldoko BECen kanpoaldean. Makina Erremintaren Biurtekoa astelehen honetan hasi da.

Beharginak eta sindikatuetako ordezkariak 09:00ak aldera Barakaldotik abiatu eta BECera hurbildu dira, erakustazokaren atea aurrean elkarretaratzea egiteko asmoz.

Hala ere, salatu dutenez, nahiz eta protestaren berri eman, Ertzaintzak atera hurbiltzea eragotzi die, "Mozal Legea aplikatzeko mehatxupean".

Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu ondoren, protesta lekuz aldatu eta agerraldia egin dute sindikatuek, sektorearen egoera azaltzeko. Horrela, ekainaren 23 eta 30erako eta uztailaren 1erako greba deialdiak gogorarazi dituzte.

"Nahi ez duenarekin negoziatzea ezinezkoa da"

Prentsaurrekoan, maiatzaren 26an patronalarekin azken bilera egin zutela azaldu dute. "Sindikatuek planteatutako 17 puntuei ezezkoa eman zieten, negoziatzeko eta akordioetara heltzeko borondate eza agerian utziz, Bizkaiko Metalgintzako milaka langileak mespretxatuz", kritikatu dute.

Azken bilera hartan, sindikatuek nabarmendu dutenez, "negoziazioari aukera bat" emateko proposamen bat aurkeztea eskatu zioten patronalari berriro; baina "langileen ordezkariekin biltzeari uko egiten jarraitzen dio", deitoratu dutenez, "ez dago hitzordurik".

"Nahi ez duenarekin negoziatzea ezinezkoa da", adierazi dute. Sindikatuen hitzetan, "erantzukizun ariketa batean", negoziazio mahaian ordezkaritza duten eragileek FVEM bilera batera deitu dute asteazken honetan, Lan Harremanen Kontseiluko egoitzan. "Sindikatuak egoitzan zain egongo gara. Bertaratzea eta erantzun positibo bat ematea espero dugu", erantsi dute.

Prentsaurrekoa amaitu ondoren, kanpoko protestan parte hartu duten dozena bat pertsona inguru BECen sartu dira, "borroka da, bide bakarra" oihuka, eta panfletoak bota dituzte erakustazokan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Barakaldo ELA LAB Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak CCOO UGT Lan gatazkak ESK Metalgintza