Ekonomia -
bilbo
Galanek Iberdrolaren mozkin-marka helburua berretsi du 2022rako, dibidenduaren areagotzearekin batera
Iberdrolako presidenteak 4.000 eta 4.200 milioi euro artean kokatu du erdietsi beharreko mozkin-marka garbi berria.
agentziak | eitb media
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak berretsi egin du 2022 honetan 4.000 eta 4.200 milioi euro arteko mozkin-marka garbi berria erdiesteko helburua, Ukrainako gerrak energiaren prezioan eragindako krisi testuingurua gorabehera. Hala, dibidendua areagotuko litzateke bere akziodunentzat, "proportzio berean".
Ostiral honetan Bilbon egindako akziodunen batzar nagusian, duela zenbait hilabete merkatuari iragarritako aurreikuspenekiko konpromisoa berretsi du Galanek, konpainia urte honetan izaten ari den bilakaera ona dela eta (Estatu Batuetako eta Brasilgo negozioan, batik bat).
2021ean, enpresa energetikoak 3.885 euroko mozkin-marka garbia izan zuen, aurrekoa % 8 areagotuta eta ezarritako helburuak gandituta.
Batzarrean egindako mintzaldian, Galanek taldearen dibertsifikazio geografikoaren garrantzia nabarmendu du. Gainera, azpimarratu du taldeak Espainiako energia ekoizpen guztia duela "uneko prezio finkoen aurrekoetan salduta" 2022rako, baita "% 80 baino gehiago 2023rako, eta parte esanguratsu bat datozen urteetarako". Azpimarratu duenez, lehortea eta energia eoliko falta direla eta, ez du energia gehiago erostea beste erremediorik izan, saldu dituenak baino "prezio garestiagoetan" hornitzeko bezeroak.
Era berean, Iberdrolako batzordeak akzioko 0,27 euroko dibidendu osagarriaren ordainketa onartu du 2021eko emaitzekiko. Ordaindutako 0,17 euroekin batera, akziodunentzako guztizko ordainketa tituluko 0,44 eurokoa litzateke, % 5 gehiago.
Gainera, konpainiaren urteroko asanbladak akziodunen babes handia izatearen helburua ere lortu du Galanek, % 72tik gorako quorumarekin. Batzordearen quorum horrek nabarmen gainditzen du iazko % 65,83a. Hala ere, azken sei urteetako parte-hartzerik baxuena suposatzen du, 2021ekoa zenbatu gabe.
Oraingoan, presidenteak ez du batzarrean ohiko diskurtsorik eman, eta zenbait akziodunen galderak erantzutera mugatu da. Dena den, horietako bakar bat ere ez da Galani egozten zaion 'Villarejo kasu' delakoaz aritu.
PNM Resources enpresa estatubatuarrarekiko bat-egite operazioari dagokionez bakarrik jarri dute zalantzan Galan. Mexiko Berriko erregulatzaileak atzera bota zuen joan den urteko amaieran, baina Iberdrolak helegitea aurkeztu du erabaki horren aurrean.
Galan "konbentzituta" agertu da erregulatzailearen erabakiaren aurkako helegitea "positiboa izango dela eta datozen hilabeteetan bukatuta izango dugula operazioa, oso onuragarria baita konpainietako akziodunentzat eta herritarrentzat".