Ekonomia -
Facebook, burtsan
Nor aberastuko da Facebookekin?
Sare sozialak 421 milioi akzio salduko ditu, eta gutxienez 16.000 milioi dolar irabaziko ditu.
Erredakzioa
Aberatsak aberatsagoak izango dira Facebook burtsan kotizatzen hasi eta gero.
Aste honetan, sare sozialak % 25 igo du salmentan jarriko dituen akzio kopua. Hain zuzen ere, 421 milioi akzio salduko ditu, 38 dolarretan (29,9 euro).
Ondorioz, Facebookek eta akziodunek gutxienez 16.000 milioi dolar (12.600 milioi euro) irabaziko dituzte, hau da, hilabete hasieran aurrez ikusitakoa baino 5.000 milioi dolar (3.900 milioi euro) gehiago.
Inbestitzaile nagusiek (Accel Partners, Tiger Global Management, Goldman Sachs, Peter Thiel PayPaleko sortzailea eta Yuri Milner errusiarraren hainbat enpresa) 3.800 milioi dolar (2.996,3 milioi euro) jasoko dituzte, akzio salmenta gehigarriak egiteagatik.
Saltzaile nagusia Accel Partners izango da. Hain zuzen ere, 1.700 milioi dolar (1.340,4 milioi euro) irabaziko ditu.
Milnerren Digital Sky Technologies Global enpresak 19 milioi akzio salduko ditu, eta ondorioz, 1.600 milioi dolarren (1.261,6 milioi euro) truke. Aberats errusiarraren beste enpresa batek, Maila.ru-k, 705 milioi dolar (555,9 milioi euro) irabaziko ditu, eta Goldman Sachsek 1.000 milioi dolar (788,5 milioi euro).
Facebookeko sortzaileak, Mark Zuckerbergek, 1.000 milioi dolar irabaziko ditu akzioak saltzen, eta Mark Pincus Zynga enpresako fundatzaileak 32 milioi dolar.