Ekonomia -

Euroguneko krisia

EBk gezurtatu egin du Grezia eurogunetik ateratzea prestatzen egotea

Horrela erantzun die Batzordeak Karel De Gucht Merkataritza komisarioak balizko irteera hori prestatzeko EB larrialdi plan bat egiten ari dela esanez egindako adierazpenei.

Greziako presidentearen eta lehen ministroaren politikak arretaz jarraitzen ditu Europak. Efe.
EBk gezurtatu egin du Grezia eurogunetik ateratzea prestatzen egotea
Greziako presidentearen eta lehen ministroaren politikak arretaz jarraitzen ditu Europak. Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordearen eta Olli Rehn Ekonomia Gaietarako komisarioaren arabera, EB ez da egoera prestatzen ari Grezia eurogunetik ateratzeko balizko aukeraren aurrean. Beraz, Karel De Gucht Merkataritza komisarioaren hitzak gezurtatu dituzte.

“EBk irmo ukatzen du Greziaren irteera prestatzen ari dela”, esan du Olivier Bailly Europako Batzordeko bozeramaileak Twitterren duen kontu ofizialaren bitartez.

Horrela erantzun die Batzordeak De Guchtek egunkari belgikar batean egindako adierazpenei, haren hitzek zalaparta handia eragin ondoren. EBk, beraz, erabat ukatu du Grezia eurogunetik ateratzeko aukeraren aurrean Europako Batzordeak eta Europako Banku Zentrala (EBZ) larrialdi estrategia bat prestatzen egotea.

Domino efektua

Komisarioaren hitzetan, “orain urtebete, domino efektu izateko arriskua egongo zen; gaur egun, berriz, bai EBZk bai EBk larrialdi egoera batzuei aurre egiteko zerbitzuak lanean dituzte”, Grezia azkenean eurogunetik aterako balitz, egoera horri aurre egin ahal izateko.

Dena den, De Guchten arabera, Greziak eurogunea uzteko aukerak (ezin da erabat baztertu) “ez luke euroaren amaiera eragingo”, baina zailtasunak ugaritu egingo lirateke, bai Grezian bai eurogunean. Hori dela eta, “zentzuzko aukera bakarra” Greziak hitzartuta dituen akordioak betetzea eta eurogunean mantentzea izango litzateke, komisarioaren iritziz.

Hauteskundeak Grezian

Greziak Ekonomia eta Diru Batasunean jarraituko duela uste dut. Ez dakit zein izango den datozen hauteskundeetako emaitza, baina, batek daki! Agian egunen batean hirugarren bozketa bat ikusiko dugu, euroa uzteko erreferenduma, eta baliteke greziarrek boto erabat ezberdina ematea”, De Guchten esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea