Ekonomia -
Lan-gatazka
Elkarretaratze batek Metro Bilbaon murrizketak gelditzea eskatu du Bizkaiko Aldundiaren egoitza aurrean
ELA, CIM eta UGT sindikatuek lanuzteak deitu dituzte metroan 07:00etatik 09:00etara eta 19:00etatik 21:00etara, eta ekainaren 29an eta uztailaren 1, 13 eta 15ean errepikatuko dira. Uztailaren 7, 8 eta 9rako ere, Bilbao BBK Live jaialdiarekin batera, 19:00etatik 21:00etara lanuzteak deitu dituzte.
EITB MEDIA
ELA, CIM eta UGT sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza aurrean, Bilbon, Metro Bilbao "murrizketak" gelditzea eskatzeko, hamarkada batean zehar langileek "erosteko ahalmena galdu" dutelako. Era berean, ordutegi eta txanden anabasa salatu dute, "familia eta lan-bizitza bateratzea eragozten duelako".
Sindikatuek lanuzteak deitu dituzte metroan, 07:00etatik 09:00etara eta 19:00etatik 21:00etara, eta ekainaren 29an eta uztailaren 1, 13 eta 15ean errepikatuko dira. Uztailaren 7, 8 eta 9rako ere, Bilbao BBK Live jaialdiarekin batera, 19:00etatik 21:00etara lanuzteak deitu dituzte.
Bizkaiko hiriburuan egindako elkarretaratzean, "negoziazioaren blokeoa" kritikatu dute sindikatuek; jarrera horrekin enpresak "kolektiboak zatitzea" soilik bilatzen duelako.
Horregatik, Metro Bilbao, Garraio Partzuergo eta Bizkaiko Aldundiari "murrizketa politikak uzteko eta hobekuntzak", eskatu dizkiete.
Gainera, Euskotrenen eta Bizkaibusen emakidadunetan orain dela gutxi lortutako akordioak gogora ekarri dituzte, "tentsio foku guztiak baretu dituztelako, baina Metro Bilbaoko zuzendaritzak ez die heldu nahi".
Bestalde, trenbideko makinisten sindikatuak (SEMAF) lanuztera deitu ditu asteazken honetan Bilboko Metroko 200 makinistak, segurtasuna eta zerbitzuaren profesionalizatzea aldarrikatzeko. Geldialdiak puntuko orduetan egingo dituzte: 07:00etatik 09:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.
Halaber, uztailaren 1ean, 8an, 9an, 13an eta 15ean, lanuzte gehiago egingo dituzte aipatutako orduetan.
Agiri batean, sindikatuak salatu du enpresak "beste kategoria batzuetako beharginak" jarri nahi dituela "trenak gidatzen", eta horrek "segurtasuna arriskuan" jarriko duela ohartarazi du. "Bilboko metroari eskatzen diogu albo batean utz dezala 'low cost' eredua, profesionalizazioa bultzatzeko, eta bere gain har ditzala ardurak eskumenak, eskubideak eta betebeharra definitzeko", adierazi dute.
"Bilboko metroa modernoa, profesionala eta segurua izan dadin, enpresak hitzarmenean hainbat neurri jaso behar ditu kolektiboa profesionalizatzeko, ardurak aitortzeko eta langileen eskubideak eta betebeharrak definitzeko", berretsi dute.
Metro Bilbaok "atsekabez" hartu ditu lanuzteak
Metro Bilbaok "atsekabez hartzen ditu" gaurko deituta dauden lanuzte partzialak. Enpresaren arabera, "lanuzte partzialak sindikatuek enpresaren zuzendaritzaren proposamena osorik entzun gabe deitu dira, hitzarmen kolektiboaren negoziazio bete-betean".
"Enpresaren proposamenean, besteak beste, enplegua sortzen da (egun hiriarteko tren konpainiaren inoizko lantalderik handiena dagoenean), eta soldata-igoera % 2tik gorakoa izango litzateke (estatuko aurrekontu orokorren arabera, indarrean dagoen legedia betez gainera). Era berean, txanden antolaketan eta lan-baldintzetan ere hobekuntzak eskaini dira", adierazi zuen Metro Bilbaok aurreko iganean zabaldu zuen ohar baten bidez.