Ekonomia -
lan gatazka
Gipuzkoako adinekoen egoitzetan beste lau greba egun deitu dituzte ELAk eta LABek
Ekainaren 30erako eta uztailaren 1, 14 eta 15erako deitu dituzte lanuzteak sektorearen egoera "jasanezina" salatzeko. Beharginek 258 greba egun egin dituzte dagoeneko, eta, azken bost urteetan, "blokeatuta" egon da negoziazioa.
E. G. | EITB Media
ELA eta LAB sindikatuek beste lau greba egun deitu dituzte ekainerako eta uztailerako Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, langileen egoera "jasanezina" dela eta negoziazioa "blokeatuta" dagoela eta. Sektoreko 6.000 beharginei, gehienak emakumeak, ekainaren 30erako eta uztailaren 1erako, 14rako eta 15erako deituta dauden lanuzteetan bat egiteko deia egin diete sindikatuok.
Ohar banatan, gatazka konpontzeko patronalak duen "borondate falta" salatu dute bi sindikatuek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera ere kritikatu dute; zehaztu dutenez, foru erakundeak zerbitzuaren % 90 finantzatzen du.
ELAren arabera, langileek mobilizazioak indartzearen alde egin dute asanblean, patronalek "negoziazio bidea zapuztu ostean" eta Aldundia bilerara agertu ere ez zela ikusita. Patronalek, sindikatuak argitu duenez, ELAren proposamenetik bi puntu kentzeko eskatu zuten (sektoreko hitzarmena enpresetara pasatzea eta aurreko urteetako atzerapenak eskatzea).
Bost urteko negoziazioen ondoren, "argi dago Aldundiak eta patronalek ez dutela borondaterik sektore horretako egoera larria hobetzeko", deitoratu du sindikatuak, eta ohartarazi du "pausorik eman gabe jarraitzen badute, greba eta mobilizazioak areagotuko" dituztela.
ELAk gogorarazi duenez, pandemia garaian langile horiek lehen lerroan egon ziren, eta "orain egoera ez da hobetu, kontrakoa baizik. Lan kargak pandemiaren aurretik baino handiagoak dira, lanpostu asko ez dira bete, lan erreformak eragindako prekarietatea handitzen ari da eta langileek ez dute erreparazio emozional kolektiborik jaso. Horietako asko erresidentziak uzten ari dira, haien lan baldintzak jasanezinak direlako. Egoera horrek ondorio larriak ditu lan baldintzetan eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan", esan du.
Bestalde, LABek egoera "jasanezina" dela adierazi du. Pandemiak "jadanik larria zen egoera" larriagotu du, eta, horren ustez, "urgentziazkoa da irtenbide duin bat erdiestea: egoerak eskatzen duelako eta sektoreko langile zein egoilarrek merezi dutelako".
Sindikatu horren iritzian, egoera "zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio" da. Gainera, gogorarazi duenez, honakoa ez da "lan gatazka soil bat; gipuzkoar guztioi eragiten digun auzi soziala baizik".
LABek salatu duenez, patronalak "negoziazio mahaia gatazka betikotzeko erabili nahi du", eta hori "onartezina" da, horren aburuz. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren "erantzukizuna" ere azpimarratu du sindikatuak: "Haiei dagokie orain mahaia desblokeatzeko pausoak eman eta irtenbidea erdiesteko proposamenak mahai gainean jartzea".
Bi greba egun Bizkaiko erresidentzietan
Hain justu, ELA sindikatuak greba deituta dauka Bizkaiko adinekoen egoitzetan bihar, ekainaren 23an, eta etzi, hilaren 24an. Aurtengo seigarren eta zazpigarren lanuzteak izango dira.
Beste ohar batean azaldu duenez, bihar goizean manifestazioa egingo dute Bilboko kaleetatik, eta, hura bukatuta, Bizkaiko Ongizate Sozial Departamentuaren egoitzan akelarre bat irudikatuko dute. "Bizkaiko egoitzetako sorginak sutara botatzeko, beren lan-baldintzak hobetu eta zainketa-eredua benetan alda dezaten", nabarmendu dute.
Biharamunean, beste martxa bat egingo dute Arriagatik Cebek Bizkaiko patronalaren egoitzaraino.