Ekonomia -
Osakidetza
Osakidetzako profesionalek ekainaren 27tik aurrera egin ahalko dute lanbide-karrera kobratzeko eskabidea
Ibilbide profesionalari lotutako gehigarria kobratzeko eskariak egiteko epea ekainaren 27tik uztailaren 22ra arte luzatuko da. Osasun Sailak adierazi du urtea amaitu aurretik egingo dituztela ordainketak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Osakidetzako profesionalak datorren astelehenean hasi ahalko dira 2019ko, 2020ko eta 2021eko ezohiko deialdiei lotutako lanbide-karrerarengatiko plusak kobratzeko eskaerak aurkezten. Osasun Sailak adierazi du ordainketak "ahalik eta azkarren" egingo dituztela, eta, betiere, urtea amaitu aurretik gauzatuko direla.
Guztira, 27.000 behargini baino gehiagori ordainduko diete beren ibilbide profesionala, eta 318,4 milioi euro bideratuko dituzte horretarako.
Eskariak aurkezteko epea ekainaren 27tik uztailaren 22ra bitartean egongo da zabalik. Intranet bidez edo Osakidetzako webgunean sartuta egin ahalko dira eskakizunak.
Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 10eko gobernu-bileran onartu zuen Osakidetzako langileei zuzendutako plusak ordaintzeko diru-saila eta ebazpena ostiral honetan argitaratuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean. Bertan zehaztuko dituzte eskabideak egin ahal izateko zein baldintza bete behar diren eta prozesuaren xehetasunak zeintzuk diren.