Ekonomia -
Finantza-erreformari buruz
Hollandek begi onez jo du Espainiako bankuen birkapitalizazioa
Barack Obamarekin bildu ostean Frantziako presidenteak esan duenez, "Europako elkartasun baliabideak erabilita", "desiragarria" izan liteke zailtasunak dituzten bankuak birkapitalizatzea.
Erredakzioa
François Hollande Frantziako presidenteak ostiral honetan adierazi duenez, begi onez jo du zailtasunak dituzten Espainiako bankuak birkapitalizatzea. "Europako erakundeen elkartasun baliabideak erabilita, desiragarria izan liteke birkapitalizazio bat egotea", esan du Hollandek Barack Obama AEBetako presidentearekin bildu ostean, 'Le Figaro' kazetak zabaldu duenez.
Bi buruzagiak Etxe Zurian bildu dira eta azaldu dutenez, igande honetan izango den G8ko goi-bileran euroguneko krisian laguntzeko hazkundea sustatzeko bide desberdinak izango dituzte mintzagai. "Funtsezkoa gai dela uste dugu biok, ez bakarrik Europarako baita nazioarteko ekonomia osorako ere", azaldu du Obamak komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan.
Frantziako presidentetza lortu zuenetik lehen aldiz bildu da Hollande Barack Obamarekin. Batzar horretan hazkundearen lehentasunari buruz mintzatu dira. Ondoren, Camp Davisera joan dira, igande honetan Chicagon izango den G8ko goi-bileran parte hartzeko. Izan ere, Obama NATOko goi-bilera honen anfitrioi izango da.
"Espainiak krisia gaindituko du"
Bestalde, Herman Van Rompuy Europar Kontseiluko presidenteak azpimarratu duenez, "Espainiak krisia gaindituko du". Halaber, Jose Manuel Durao Barroso Europar Batzordearen presidentearekin bat datorrela esan du.
"Europar Batasunak beharrezkoa den guztia egingo du, euroguneko finantza-egonkortasuna bermatzeko eta Greziaren irteera saihesteko", nabarmendu du Van Rompuyk.