Ekonomia -
lan-gatazka
Nafarroako 0-3 Plataformak bertan behera utzi du Haur Hezkuntzako langileen greba
Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileek 60 greba egunen ostean adierazi dutenez, ez dituzte ezarritako helburuak erdietsi, baina askok ezin izan diote egoerari "ekonomikoki eutsi".
i.l.k. | eitb media
Nafarroako 0-3 Plataformak bertan behera utzi du bi hilabeteko greba; ez aurrerapausorik izan delako, egoera "jasanezina" bilakatzen ari zitzaielako baizik. Plataformak elkarretaratzea egin du ostegun honetan Nafarroako Parlamentuaren aurrean, lanuztearen amaiera iragartzeko.
Haur eskola publikoetako langileek oharra kaleratu dute ostegun honetan eta, bertan adierazi dutenez, azken 60 egunetan argi geratu da "ez dagoela borondaterik langileen baldintzak hobetu eta haurren baldintzak duintzeko".
Era berean, jasaten ari diren "kriminalizazioa" eta "jazarpen poliziala" salatu dituzte, eta aitortu dute askorentzat egoera ekonomikoa "jasanezin" bilakatzen ari dela.
Horregatik guztiagatik, helburuak lortu ez dituztela aitortuta, greba bertan behera uztea erabaki dute.
Orain arte jasandako prekarietatea eta mantendutako duintasuna azpimarratu dituzte, eta, salgai ez daudela erantsita, Nafarroako Gobernuari helarazi diote euren zikloari "irtenbide integrala" eman ezean, "indartsuago" itzuliko direla.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eta 0-3 Plataformak bilera izan zuten asteazkenean eta, Foru Gobernuak orduan iragarri zuenez, 0-3 zikloko lan-hobekuntzak 2022-2023 ikasturtean sartuko dira indarrean. Horretarako, 4,5 milioi euroan areagotuko du aurrekontua.
Halaber, hezitzaileen laguntza-orduak handituko ditu, eta datorren ikasturterako 55,5 hezitzaile gehiago kontratatuko ditu. Era berean, esan du kontratazio berrien kopurua bikoiztu nahi duela 2023-2024 ikasturtean, ehunera iritsi arte.