Ekonomia -
Murrizketen kontra
Hezkuntzako grebaren jarraipena % 80koa izan da, sindikatuen arabera
Hezkuntza Ministerioak, aldiz, % 22,7koa izan dela esan du. Nafarroan % 70koa izan da jarraipena, sindikatuen arabera; eta % 48,75ekoa, Hezkuntza Sailaren datuen arabera.
Erredakzioa
Hezkuntza arloan, greba orokorra deitu dute bost sindikatuk astearte honetan, eta 14 erkidegotan izan du eragina. EAEn ez da deialdiarik egon, baina bai Nafarroan.
FETE-UGT, FE-CCOO, ANPE, CSIF eta STES-I sindikatuen arabera, Estatu mailan grebaren jarraipena % 80koa izan da da batez beste hezkuntza maila guztietan. Madrilen eguerdian eman duten prentsaurrekoan, Unibertsitateetan jarraipena % 90ekoa dela nabarmendu dute. Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntza, ordea, % 75ekoa.
Hezkuntza Ministerioak emandako datuen arabera, aldiz, % 22,7koa izan da jarraipena Estatu mailan. Jose Ignacio Wert ministroak Hezkuntza alorreko agenteekin elkarrizketa irekia izateko prest agertu da.
Nafarroako Hezkuntza Sailaren arabera, % 50,12 ikastetxek egin dute bat grebarekin. Sindikatuentzat, ordea, zentroen % 70ak egin du bat deialdiarekin.
Greba eguna amaitzeko, elkarretaratzeak eta manifestazioak egin dituzte Estatuko hiri nagusietan.
Istilu bakanak
Madrilen bi gazte atxilotu dituzte, unibertsitateko kanpusean trafikoa oztopatzeagatik. Aske geratu dira ondoren, epaitegira joatekoa deituko dituzten arren.Palman, Rafael Bosch Hezkuntza sailburuaren bulegora sartzen saiatu diren 30 bat gazte identifikatu ditu Poliziak, eta eraikina uztera behartu. Boschek esan du bere taldeko kideetako bati eraso egiten saiatu direla.Bartzelonan, aldiz, bost gazte atxilotu dituzte, hainbat ikastetxetako sarrailak silikonarekin ixteagatik.Istilurik ez, Nafarroan
Nafarroako Hezkuntza Sailaren arabera, % 50,12 ikastetxek egin dute bat grebarekin, murrizketen aurka protesta egiteko deitu duten grebaren lehen egunean. Sindikatuentzat, ordea, zentroen % 70ak egin du bat deialdiarekin.
Expe Iriarte LABeko bozeramaileak nabarmendu du Nafarroako zortzi herritan, irakasleek 12 eskoletan gaua pasa dutela. Iruñeko Udalaren esku dauden hirutan, udaltzainek gauerdian atera egin dituzte.
Greba egun honek jarraipena izango du hilaren 29an eta 31n eta parte hartzeko deia luzatu dute LAB, STEE-EILAS, ELA, CCOO, AFAPNA, UGT, ANPE eta CSIF sindikatuek.
DBHko greba mugagabea , bertan behera
Bestetik, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Elkarteak Nafarroan deitutako greba mugagabea bertan behera uztea erabaki dute, "erantzun eskasiarengatik". Ohar baten bitartez, elkarteak onartu du nahastu egin direla eta irakasleek ez dutela grebarekin bat egin.
Lanuztea hezkuntza maila guztietan
Hezkuntza sindikatuek gaurko deitu duten grebak ikastetxe publikoetako 7,5 milioi ikasleri eragin die. Protestaren helburua, hain zuzen, Rajoyren Gobernuak adostutako murrizketen kontra egitea da.
Hezkuntza publikoko sindikatuek (FETE-UGT,FE-CCOO, ANPE, CSIF eta STES) sektore horretan lan egiten duten milioi bat langileri, irakasleak gehienak, murrizketaren kontrako deialdian parte hartzeko dei egin diete.
EAEko sindikatu nagusiek, ordea, grebaren ordez beste mobilizazio batzuk deitu dituzte. Balear uharteetako hezkuntza sindikatuek eta Errioxakoek ere ez dute greba bultzatu.
Elkarretaratzea Bilbon
Hala UGT-Euskadik, esaterako, Jaurlaritzak Rajoyren Gobernuaren neurrien kontrako helegitea aurkeztuko duela eta, lanuzterik ez deitzea erabaki du. Dena den, murrizketen kontrako elkarretaratzea egin dute 12:00etan Moyua plazan.