Ekonomia -

EUSTAT

Euskadiko industria-jarduera % 9,1 hazi zen 2022ko maiatzean

Industria-produkzioaren indizeak % 7,4ko hazkundea izan du 2022ko lehen bost hilabeteetako metatuan. Hazkunde handiena izan duen sektorea energia elektrikoarena, gasarena eta lurrunarena izan da.

Industriako langile bat EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudi batean.
Industriako langile bat EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudi batean.
Industriako langile bat EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudi batean.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2022ko maiatzean, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-produkzioa 2021eko hilabete berean izandakoa baino % 9,1 handiagoa izan zen, Eustaten datuen arabera. Halaber, 2022ko lehen bost hilabeteetako metatuan, industria-produkzioaren indizeak % 7,4ko hazkundea izan du. 2022ko apirilarekin alderatuz gero, maiatzean, EAEko industria-jarduera % 0,7 hazi da.

Industria-produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da hiru lurralde historikoetan: Araban % 13,3ko igoera izan da; Bizkaian, % 9,3koa eta Gipuzkoan, berriz, % 6,3koa.

Hauek dira hazkunde handiena izan duten sektoreak: energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 21,9), garraio-materiala (% 21,8) eta makineria eta ekipoa (% 11,6). Aitzitik, ekoizpenean jaitsiera izan duen sektore bakarra kautxu eta plastikoarena izan da, % 2,5eko jaitsierarekin.

2022ko maiatzeko indizearen bilakaerak, 2021eko maiatzekoaren aldean, jokabide positiboa izan du industria-sektore nagusi guztietan. Energiaren sektoreak % 20,2ko hazkundea izan du ekoizpenean (sektore honetan energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioa fintzea sartzen dira), eta ekipo-ondasunek (hala nola ibilgailu motordunen fabrikazioa) % 14,4 egin dute gora.

Kontsumo-ondasunek, oro har, % 7,3ko urte arteko hazkundea izan dute, eta horrek Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren (elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko jarduerak, besteak beste) % 9,3ko eta kontsumo-ondasun iraunkorren (etxeko tresnen eta altzarien fabrikazioa) % 0,7ko gehikuntzak eragin ditu.

Tarteko ondasunek, bestalde, % 3,9 egin dute gora. Azken sektore horretan sartzen dira metalurgiako eta produktu metalikoen fabrikazioko jarduerak, industria kimikoa, eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Eguneko albisteak Industria sektorea