Ekonomia -
Auzitegi Nazionala
Artxibatu egin dute Botin familiaren kontrako iruzur salaketa
Banco Santanderren presidenteari eta bere senide batzuei zerga-iruzurra leporatzen zieten, baina diru kontuak erregularizatu egin dituzte Zerga Agentziaren aurrean.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du Emilio Botin Banco Santanderren presidentearen eta bere senideen kontrako zerga-iruzur salaketa, familiak Zerga Agentziaren aurrean diru kontuak erregularizatu ostean, iturri judizialek jakitera eman dutenez.
Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak azaldu duenez, "salatuek egindako erregularizazioa zuzena dela esan daiteke".
Hori dela eta, Botin familiari ez zaiola ardurarik leporatu behar uste du, izan ere, Zigor Kodeko 305.4 artikuluak dio "zerga egoera erregularizatzen duena arduretatik kanpo" geratzen da.
Dirua HSBC banketxe suitzarrean
2010eko maiatzeko gertakari batzuen harira jarri zen salaketa. Frantziako zerga-agintariek Espainiako Zerga Agentziaren esku utzi zuten HSBC Private Bank Suisse banketxe suitzarrean dirua zuten pertsona batzuen informazioa.
Pertsona horien artean zeuden Botin familiako hamabi senide: Emilio Botin, bere bost seme-alaba, Jaime anaia eta bere bost seme-alaba, eta Ana Patricia arreba.
2005etik 2009ra PFEZ zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak ez aurkeztea leporatzen zieten.