Ekonomia -
Bilera Parisen
'Gaur-gaurkoz' Europako erreskate funtsaz baliatzea baztertu du Rajoyk
Bestetik, banketxeek atzerriko aholkularien azterketaren ostean "kopuru ez oso garrantzitsu bat" beharko dutela ohartarazi du.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak "gaur-gaurkoz" Europar Batasuneko erreskate funtsera jotzea baztertu du Espainiako banketxeak onbideratzeko, herrialdeko finantza sektorea "ez baitago zalantzan".
"Gaur-gaurkoz ez dago Europar Batasuneko edo beste erakunde bateko erreskate funtsera jo beharrik", adierazi du Rajoyk, François Hollande Frantziako presidentearekin izan duen bileraren ostean, lehengo astean azken horrek banketxeak onbideratzeko erreskate funtsez baliatzeko animatu zuen arren.
Horren harian, atzerriko aholkularien azterketa pasatu ostean, banketxeek diru gutxi beharko dutela gaineratu du.
Konpromisoak bete eta euroan egongo den Greziaren alde
Espainiako eta Frantziako presidenteak Grezia Eurogunean jarraitzearen alde azaldu dira, "hartutako konpromisoak betez", greziarrentzat ez ezik, hazkundearentzat eta mundu osoko ekonomiarentzat "garrantzitsua" delako.
Honen harira, Grezia "ustez" eurotik joango denerako Eurogunean plan bat egiten ari diren berri ez dutela adierazi dute.
Terrorismoaren aurkako borroka
Mariano Rajoyk eskerrak eman dizkio Frantziako presidenteari bi herrialdeen artean, terrorismoaren aurkako borrokan elkarlanean jarraituko dutela adierazteagatik
"Eskerrak eman nahi dizkiot, baliabide guztiekin terrorismoaren aurkako borrokan elkarlanean jarraituko duela esateagatik".
Halaber, hilaren 29an Manuel Valls Frantziako Barne ministroarekin bilduko dela gaineratu du.