Ekonomia -
Lan-gatazka konpondu da
Metro Bilbaoko batzordeak 'denbora galdu izana' deitoratu du
Adostutako akordioan duela 16 hilabete hasitako lan-gatazka eragin zuten bost puntuak jaso dituztela ikusita "pozik" agertu dira sindikatuetako ordezkariak.
Erredakzioa
Metro Bilbaoko Greba Batzordea osatzen duten sindikatuak (ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK) "pozik" agertu dira enpresako zuzendaritzarekin adostutako akordioarekin bertan lan-gatazka eragin zuten puntuak jaso dituztelako.
Hala ere, akordioak "zapore mingotsa" utzi diela adierazi dute sindikatuetako ordezkariek, gatazka konpondu ahal izateko "galdutako denboragatik" batik bat, desadostasunak "askoz lehenago" ebatzi ahal zirela azpimarratu dute. Lan-gatazkak 16 hilabete iraun ditu eta joan den arazoaz geroztik, esaterako, 25 lanuzte egin dituzte metroan.
Uxue Iriondo LABeko ordezkariak eta Rafa Valencia ELAkoak adostutako akordioaren inguruko xehetasunak eman dituzte prentsaurreko batean. Langileen % 86,5ek babestu duten ituna datorren asteazkenean sinatuko dute Lan Harremanen Kontseiluan, gatazkaren amaiera bideratu den organoan, alegia.
Euren ustez, akordioak "zentzurik gabeko gatazka luze bati" amaiera eman dio, eta zuzendaritzak lehen unetik bost puntu horiei heldu izan balie desadostasunak saihestu ahal zirela iritzi diote.
Horrez gain, metroko zuzendaritzarekin harremanak "nahitaez bideratu" behar direla azpimarratu dute, izan ere, laster hitzarmena negoziatzen hasi nahi dute.
Adostutako akordioaren xehetasunak
Metroko zuzendaritzak eta sindikatuek adostutako hitzarmenak gatazka sortu zuten bost ezadostasun puntuez gain bi klausula berri jasotzen ditu.
Lehenengo klausulak zuzendaritzaren eta sindikatuen artean informazioa izan dadin eta lan harremanek normaltasun bidea berreskura dezaten hileroko maiztasuna izango duen foro bat sortzea proposatzen du.
Bigarrenak, berriz, baldintzak betetzen ez badira Lan Harremanen Batzordera iritzia eskatzera joan ahal izateko aukera jasotzen du.
Liskarra eragin duten gainerako puntuek (gidari plazak betetzea, zerbitzu-taulak eta lanaldi murrizketak, legezko zaintza dela eta) aurretik sinatutako akordioak aitortzea ekarri dute praktikan; ondorioz, 166 gidari izango dira aurrerantzean, gaindituen zerrendan plazarik gabe zeuden lau pertsonak plantillan sartuko baitituzte.