Ekonomia -

eustat

Euskal industriaren ekoizpena ia % 8 hazi da ekainera arte

Ekipamendu ondasunak eta energia dira Euskadin ekoizpen industriala haziarazi duten sektoreetako batzuk. Ekoizpen industrialeko indizeak % 13,9ko igoera adierazi du Araban; % 11,4koa, Bizkaian eta % 6,9koa, Gipuzkoan.

Langileak, enpresa batean. Artxiboko argazkia: EFE
Langileak, enpresa batean. Artxiboko argazkia: EFE
Langileak, enpresa batean. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal industriaren ekoizpena % 7,9 hazi zen urteko lehen sei hilabeteetan 2021eko aldi berdinarekin alderatuta, ekipamendu ondasunetan (% 14,6 gehiago) eta energian (% 13,3) lortutako gehikuntzari esker.

Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) jakinarazi duenez, ekainean bakarrik, industria ekoizpena urtetik urterako % 10,1 igo zen Euskadin. Aurreko hilabetearen aldean, 2022ko maiatzaren aldean, industriaren jarduna % 0,5 areagotu zen.

Euskal industriaren sektore handi guztiek izan zuten jokabide positiboa iazko ekainari dagokionez. Energiarenak, energia elektrikoaren ekoizpen eta banaketa zein petrolio finketa barne hartzen dituelarik, % 24,5eko hazkundea izan zuen eta ekipamendu ondasunak, motore bidezko ibilgailuen fabrikazioa, lokomotoren eta burdinbideko materialaren eraikuntza zein eraikuntza aeronautikoa eta nabala barne, % 17,5 hazi ziren.

Bitarteko ondasunei dagokienez, % 4,2 igo ziren. Metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa zein kautxozko eta plastikozko produktuen fabrikazioa jasotzen dituzte horiek.

Bestalde, kontsumo ondasunak urte arteko % 1,8 igo ziren, kontsumo ez iraunkorreko ondasunetan izandako % 4,3ko hazkundeari esker -elikagaien prozesatze eta kontserbazio jarduerak, garbiketa eta higienerako produktuen fabrikazioa zein jantzigintza-. Izan ere, kontsumo iraunkorreko ondasunak -altzarien eta etxetresnen fabrikazioa- % 7,6 jaitsi ziren.

Euskal industrian pisurik handiena duten sektoreen artean, honako hauek egin zuten gora batez ere: garraio materialak (% 27), energia elektrikoak, gasak eta lurrunak (% 23,5) eta makineriak eta ekipamenduak (% 14,6). Aldiz, igoerarik txikiena elikagai industriek, edariek eta tabakoak (% 2,2) izan zuten.

Lurraldeka, ekoizpen industrialaren ekaineko urterik urterako bilakaera onuragarria izan da EAEko hirurentzat: % 13,9ko hazkundea izan zen Araban; % 11,3koa, Bizkaian eta % 6,9koa, Gipuzkoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Industria gaur Euskal Estatistika Erakundea gaur